Elkarrizketa

«Haur literaturara hurbiltzea berriz idazten ikastea bezalatsu da»

Erabiltzailearen aurpegia Garbine Ubeda 2025ko ots. 8a, 11:09

Juan Kruz Igerabide idazle eta Galtzagorri elkarteko lehendakaria. JON URBE / FOKU

Haur eta gazte literaturaren erreferentzia nagusia da Galtzagorri elkartearen 'Behinola'. Argitalpenaren 25. urteurrenean, urratutako bideaz eta datozen erronkez mintzatu da elkarteko lehendakari Juan Kruz Igerabide.

Literatura genero ugari landu ditu Juan Kruz Igerabidek (Aduna, 1956), baina haur eta gazte literatura du oparoena. Ikerlari gisa egin duen ibilbidean ere, hura izan du esparru nagusia. 1993an Bularretik mintzora: haurra, ahozkotasuna eta literatura ikerlana ondu zuen, eta 2020an plazaratu, Erein argitaletxearen eskutik. Besteak beste, ipuinen jatorria, funtzioak, erabilera eta ideologia landu zituen hartan, amandre ipuinetatik abiatuta. Gazteentzako poesiari ere arreta berezia jarri dio Igerabidek, nola idatzietan hala ikerlanetan. Galtzagorri elkarteko lehendakari gisa, ikusgaitasuna du helburu kanpora begira, eta barrura begira, berriz, batzordeen malgutasuna, «txalupan besteekin batera arraun eginez».

25 urte egin ditu Behinola argitalpenak, eta Galtzagorri elkarteak, berriz, gehixeago. Zer balorazio egin duzue?

Galtzagorrik ikusgaitasun dezentekoa eman dio haur eta gazte literaturari, batez ere eskola giroan. Liburutegi giroan ere lan asko egiten da liburuzainekin batera, eta, beraz, eragin handia du liburutegien dinamizazioan.

Bestetik, hainbat dinamizatzaile profesionalizatu da Galtzagorriren inguruan, eta proiektuek bizirik dirauten bitartean horretan jarduteko aukera du jendeak. Ez dira proiektu masiboak, baina arrakastatsuak badirela esango nuke, nahiko egonkorrak baitira, eta ia eskola guztietara iristen dira, gainera. Alde horretatik pozik gaude.

Bestalde, instituzio publikoek ere kontuan hartzen dute Galtzagorri.

Jarraitu irakurtzen Berria.eus webgunean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!