Amezketako elizako argizaiola guztiak piztuta egoten diren egun bakanetakoa da biharkoa: «Oso polita izaten da, zirrara eragiten du». Santu Guztien Eguneko meza nagusiaz ari da Agurtzane Garmendia (Baliarrain, 1965). «Kandela guztiak pizten dira, egurrezko zorua argizari tantaz betetzen doa, eta belaunaulkiek hots berezi bat egiten dute. Isiltasun eta errespetu handia egoten da. Argizaiolei ke moduko bat ateratzen zaie». «Gandua», erantzun du Maria Pilar Iturgainek (Zizurkil, 1956). Elizaren atarian ari dira hizketan bi emakumeak, bientzat sakratua den ohitura zaharraz; hildakoei argi oholak pizteko ohituraz. «Adineko batzuek horrela deitzen diote, argi ohola, argi egin diola desiratzeko modua baita heriotzaren edo eternitatearen bidean».
Euskal Herrian, aurreko mendearen erdialdean, ia erabat galdu zen hildakoei argizaiolak pizteko ohitura, baina bada antzinako erritu horren azken gotorlekua den tenplu txiki bat. San Bartolome eliza egur zatien mosaiko bat da, hezurrez betetako ehorzlekuak daude azpian, zirrindola banarekin, eta zirrikituz betetako taulen gainean, belaunaulkien aurrean, zurezko argizaiolak daude, errenkan.
Jarraitu irakurtzen Berria.eus webgunean.