Berrabiarazi, mugitu, eragin. Euskaraldiaren kontzeptua aldatu nahi dute antolatzaileek, ariketa sozialaren laugarren aldian, ilusioak berritzeko. «Euskaraldia bera ulertzeko, ikusteko eta bizitzeko modua» aldatzea da gakoa. Reset botoia sakatzea, aurrera egiteko. 2025eko maiatzaren 15etik 25era bitartean eginen dute egitasmoa, eta gaur azaldu dituzte laugarren aldiaren nondik norakoak Iruñean, Nafarroako Antzerki Eskolan. Aurkezpen ekitaldian parte hartu dute Euskalgintzaren Topaguneko antolatzaileek ez ezik, Euskal Herriko hiru eremu administratiboetan hizkuntza politikaz arduratzen diren ordezkari nagusiek ere: Nafarroako Gobernuko lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetza, Kanpo Ekintza eta Euskara kontseilari Ana Ollok; Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Ibone Bengoetxeak; eta Euskararen Erakunde Publikoko lehendakari Maider Behotegik. Enpresen, gizarte erakundeen eta euskalgintzaren esparruetako ordezkariak ere batu dira aurkezpenera.
Euskaraldiko koordinatzaile den Goiatz Urkijok hartu du hitza lehenbizi, eta gogorarazi du Euskaraldia dela «euskararen erabileran eragiteko tresna, bide eta modu masiboena». Izan ere, eta eman dituen datuen arabera, 320.000 herritar baino gehiago dira Euskaraldian noizbait parte hartu dutenak. Kopuruez harago, baina, herritarren hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa sozial gisa ere Euskaraldiak eraginkortasun «aski frogatua» duela gaineratu du Urkijok. Eta, hala ere, baditu mugak: «Euskaraldia ez da kanpaina huts bat, ariketa sozial bat baizik. Euskararen erabilera biderkatzeko ahaleginean ezinbestekoa, baina ez nahikoa».
Jarraitu irakurtzen Berria.eus webgunean.