Pilar Garaialde ez da Gogora Institutuko zuzendaritza kontseiluan egongo

Erabiltzailearen aurpegia Gurutze Izagirre Intxauspe 2024ko irailaren 25a

EH Bilduk esan du iruditzen zaiola memoria politikak norabide okerrak hartzen ari direla, eta pentsatu egingo duela zuzendaritzan segitzea.

EAJk eta PSE-EEk Gogora-ko zuzendaritza kontseilutik kanpo utzi dute estatuaren biktima bat. EH Bilduk, legebiltzarrean zegokion ordezkaritzaren arabera, bi pertsona proposatu zituen zuzendaritzarako: Pako Etxeberria auzi medikua eta Pilar Garaialde estatuaren biktima. Gaur Eusko Legebiltzarreko Justizia Batzordean bozketarako unea iritsi denean, EAJk eta PSE-EEk atzera bota dute Garaialde, euren lau hautagaien mesederako.

Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Instituturako bost kide independente izendatu behar zituzten gaur, eta bozkatu. EH Bilduko Julen Arzuagaren iritziz, estatuaren biktimak bazterrean utzi izana memoria politikak hartzen ari diren norabide okerraren isla da. Hori dela eta, EH Bilduk esan du birplanteatu egingo duela Gogora-n duen presentzia.

EAJri eta PSE-EEri egotzi die estatuaren biktimak «berriro» baztertzea. «ETAren biktimek tokia dute Gogora-n, eta ondo dago, eta horregatik babestu ditugu Maria Jauregi eta Josu Elexperen hautagaitzak, baina EAJk eta PSEk estatuaren biktimak baztertu dituzte. Gaurko erabaki hau oso larria da; ez du bizikidetza sustatzen, ez da biktimen aitortzaren aldeko urratsa, erabaki alderdikoi hutsa da, eta memoria politikak hartzen ari diren norabide okerraren beste froga bat».

Uste du Gogora-ren sinesgarritasuna bera jartzen dela auzitan estatuaren biktima bat kanpo utzita. Horregatik, Gogora-n izango duen jarrera eta presentzia berriz pentsatuko dutela esan du EH Bilduk.

Jarraitu irakurtzen Berrian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!