Harremanak sortzeko modu anitz daude munduan: aurrez aurre, pantaila bidez, gutunekin... Iñigo Arandiak (Tolosa, Gipuzkoa, 1974) harremanak egiteko modu propioa sortu zuen: Kaixomaitia.eus. 17 urtez lanean aritu ondotik, enpresa ixtea erabaki du.
Oraintxe adinez nagusi egiteko bidean, eta agur, maitia?
Izan zitekeen hamazazpi egin zituen egunean ere, egia esan. Pasatu zait burutik, hemezortzira ez ailegatzearena, baina zenbaki hutsa da, azkenean. Iraun zezakeen hemezortzi urte arte, eta hogei urte arte ere bai, baina gaizki. Eta gaizki irauteko hobe da ez iraun. Ez zion inori mesederik egiten, ez niri eta ez bezeroei. Aldatzeko garaia zen, baina ni ez nengoen horretarako.
Hamazazpi urte, 20.000 izen emate, hamar milioi orriren bisita...
Euskaldunona mundu txikia da, mugatua batzuetan. Zarata asko dago, eta komunitate asko daude euskalgintzaren inguruan, baina pixka bat hortik ateratzean zaila da iristea, komunikatzea eta zabaltzea. Dena dela, gure lan hau nahiko golosoa izan da beti, esan nahi dut: sexua, harremanak, Internet... Kontu horiek nahastea beti izaten da notizia goxoa. Baina ez da hain erraza ezagutzera ematea, diru asko inbertitu behar delako, besteak beste. Hasieran nahiko azkar igo ginen, lehen bostehun erabiltzaileak lehendabiziko bi hilabetetan lortu genituen. 2007an Tinder ez zen existitzen, smartphonerik ere ez, aplikaziorik ere ez... Nahiko gauza berritzailea zen, eta euskaratik sortua izateak ematen zion beste bulkada txiki bat.
Zer eman du plataformak?
Kaixomaitia harremanak sortzeko lekua da, eta norberak erabakitzen du zein harreman eraiki. Baina webgunea ez da lagunak egiteko leku bat; lagunak topatu daitezke, eta harreman batzuek lagunak izaten buka dezakete. Baina gurea harreman afektibo eta sexualen webgunea da. Hori izan da, eta horri eman nahi izan zaio garrantzia. 2015-2016ko aldian gogoeta bat egin behar izan genuen, eta beste forma bat eman webguneari: egokitu, azkenean. Apustu bat izan zen, nik ere asko eskaini nion eta. Bloga sortu genuen, eta fokua zabaldu, batez ere harreman ez-hegemonikoak kabi zitezen. Hor sortu ziren segmentutxo batzuk: 55 urtetik gorako harremanak, harreman homosexualak, maitaleak, bikote bat baino gehiago behar dituztenak... Ekintzak eta egitasmoak sortu genituen, baita ikerketak ere, ikus zitezen nolakoak ziren Euskal Herrian harreman afektibo eta sexualak.
Jarraitu irakurtzen hemen.