Behi euskaldun baten binetak

Erabiltzailearen aurpegia Iñigo Astiz 2024ko ekainaren 6a

Bernardo Atxaga, Juan Suarez eta Pello Varela, 'Mo. Behi euskaldun baten memoriak' komikiaren aurkezpenean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Bernardo Atxaga asteasuarraren 'Behi euskaldun baten memoriak' liburua komiki formatura moldatu dute Pello Varela gidoigileak eta Juan Suarez marrazkilariak. Pamiela argitaletxeak eman du argitara, 'Mo' izenburupean.

Behiak goizero larrera atera eta gauero ukuilura biltzeko enkarguarekin utzi zion baserria Asensio Ormazabal lagunak Bernardo Atxaga idazleari, eta han egindako egonaldian sortu zitzaion Behi euskaldun baten memoriak eleberriaren lehen printza. Eroritako hegazkin batenak iruditu zitzaizkion metal batzuk ikusi zituen basoan egindako ibilaldi batean, lehenik, eta erditu berri zen behi baten karena topatu zuen beste batean —«distira egiten zuen»—. Makiei buruz zerabiltzan ideiak nahasi zitzaizkion gero irudi haiekin, eta, 1990eko hamarkadaren hasiera hartan, hala idatzi ahal izan zuen bere hitzetan bere ibilbideko libururik «zoriontsuena» izan dena. «Eta izan da zoriontsuena, ze idatzi nuen 28 egunean, eta idatzi nuen eskuz, eta izan zen lehen aldia ipuin bat idazten nuena, hasi eta bukatu, dena eskuz. 28 egunean, ze zoriona, ezta?». Hamaika hizkuntzara itzuli dute geroztik, milaka eta milaka irakurle izan ditu Euskal Herrian eta atzerrian, irrati nobela gisa ere egokitu zuten Alemanian, esaterako, eta Atxagak beste motibo bat txertatu ahalko dio orain liburuak ekarritako zorionen zerrendari: haren eleberria oinarri hartuta, ia berrehun orriko komikia kaleratu baitute Pello Varela gidoigile gasteiztarrak eta Juan Suarez irudigile kolonbiarrak. Mo. Behi euskaldun baten memoriak deitu dute, eta Pamiela argitaletxeak eman du argitara.

Bilboko Liburu Azokan aurkeztu dute lana hiru sortzaileek. Eta Varelak aurkezpenean onartu duenez, ez zuen berehalakoan asmatu formatuarekin. Hasieran, film bat egiteko asmoa izan zuen buruan, baina «luzeegia» suertatzen zitzaion film labur baterako, eta, «laburregia», aldiz, film luze bat egiteko. Animazio film bat ere egin zitekeela bururatu zitzaion, baina, azkenean komiki bat izan zitekeela pentsatu, eta Suarezen eskutik pasatuta heldu da kalera orain.

Segi irakurtzen...

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!