«Egileak berak bere liburua itzuli beharra zigor bat da»

Erabiltzailearen aurpegia Garbine Ubeda 2024ko mai. 12a, 12:00

Asun Garikano idazle, itzultzaile eta euskaltzaina, Gasteizen. BERRIA.EUS /JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Atletismoko jauzi hirukoitzarekin konparatu du itzulpengintza Asun Garikanok, baina zorrotz jardutea da itzultzaile eta idazle gisa egin duen ibilbidearen muina. Berriki, euskaltzain oso ere izendatu dute.

Asun Garikanok (Tolosa, Gipuzkoa, 1962) ez du ageritasunik nahi izaten. Ezer egin nahi izatekotan, lana egin nahi izaten du. Harentzat helduleku bat da, «errealitateko kaosari bizkarra emateko modu bat». Irakaskuntza izan du ogibidea, eta zeregin horretatik haragokoak, frantses hitzaren zentzuan amateur lanak direla esaten duen arren, arrastoa utzi du denetan. Berea da, besteak beste, Far Westeko Euskal Herria ikerketa lan mardula, eta hark itzulita heldu dira euskarara William Faulkner, Patricia Highsmith, Robert Louis Stevenson, John Steinbeck eta Carson McCullers. Harenak dira, era berean, Bernardo Atxagaren lanen gaztelerazko itzulpenak. Eta euskaltzain ere izendatu dute.

Irakasle, itzultzaile, editore, ikerlari, idazle, euskaltzain oso... Zein da erosoen daramazuna edo zure izaerari hobekien lotzen zaiona?

Guztietan sentitzen naiz nahiko eroso. Niretzat, eguneroko bizitzako gauza arruntei aurre egitea da lanik zailena eta ernegagarriena: Gizarte Segurantzara deitzea, autoa tailerrera eramatea, eguneroko otordua prestatzea… Nahiago dut ordenagailu aurrean aritu, arropa erostera joan baino. Ez dakit zer izan zen lehenago: eguneroko bizitzari aurre egiteko zailtasunak eraman ninduen letra artean babestera, edota, hainbeste denbora letra artean pasatu ondoren, jende gehienari errazak zaizkion gauza horiek egiteko gaitasuna galdu dudan…

Lan horien guztien artetik, Euskaltzaindikoa da berriena.

Sarrera hitzaldia, egiteko daukat oraindik. Atzeko atetik isil-isilik sartzea posible ote zen galdetu, eta ezetz esan zidaten. Behin sarrera hitzaldia eginda, hor ere eroso sentitzea espero dut.

Hizkuntza estandarra dagoeneko arautua dagoela esan liteke. Zein da gaur Euskaltzaindiaren tokia euskalgintzan?

Azken urteetan, Euskaltzaindiak egin dituen lanetatik araugintza izan da gizartean gehien zabaldu dena, eta jende askok horrekin bakarrik lotzen du erakundea, baina bere webgunean begiratu besterik ez dago zenbat lanetan ari den ikusteko. Iker Sailaren barruan, hiztegigintzan ari da batzorde bat, Euskaltzaindiaren Hiztegia-ri sarrera berriak gehitzen edo zaharrak eguneratzen, hiztegi bat inoiz ez baita bukatutzat ematen. Hilero egiten dugun bileraren aurretik, batzordeak hautatutako lagin bat aztertzen dugu euskaltzainok (kategoria gramatikalak, definizioak, adibideen egokitasuna…), eta proposamenak Osoko Bilkuran eztabaidatzen dira gero.

Ortotipografia liburuarekin ari da beste batzorde bat, eta horien proposamenak ere denon artean aztertzen dira. Puntuazioari heltzekotan gaude: ea asmatzen dugun frenoa jartzen aspaldi honetan pairatzen ari garen puntu eta komaren inbasioari. Beste lantalde bat Euskara Batuaren Eskuliburua osatzen ari da, azalpen gramatikal labur eta zehatzak online eskaintzen dituen tresna. Onomastika batzordearen azkeneko lana, euskal kostaldeko leku izenak finkatzea izan da. Lehenagoko lanik ez al zegoen pentsa lezake norbaitek, baina, dirudienez, uda partean kostako berri ematen duten kazetariak horren eske zeuden.

Beste hamaika batzorde eta eginkizun ere baditu Euskaltzaindiak, eta ez dut zerrenda luzatuko. Hilabete batzuk bakarrik daramatzat euskaltzain oso gisa, baina bi gauza ikasteko denbora izan dut: ez dela tokirik aproposena erretiro lasai bat nahi duenarentzat, eta lan proposamen berriei ezetz esatea osasungarria izan daitekeela.

Zerk motibatu zaitu Euskaltzaindiko erronkari heltzera?

Iraleko eta EIMAko lantaldeak utzi berriak nituen [irakasleak formatzen jarraitzeko eta ikasmaterialak sortzeko programak, hurrenez hurren], eta euskaltzain izatea berriro ere lantalde bateko kide izatea zen; nire ibilbidean ikasi dudana erabiltzeko aukera emango zidan lantalde batekoa, gainera. Hori inportantea da niretzat. Beste arrazoi zehatzago batek ere animatu ninduen. Hezkuntzarako testu hautatuen bilduma bat prestatzekotan nenbilen aspalditik, arlo horretan dagoen beharra ikusita. Euskaltzaindiak bere gain hartu zuen egitasmo hori, eta pentsatu nuen euskaltzain izanda errazagoa izango zela proiektua aurrera eramatea.

Zuk gidatzen duzun testu bankuaz ari zara. Zer da, justuki?

Euskal curriculumarekin lotutako testu hautatuen bilduma bat, DBHko eta Batxilergoko ikasleei zuzendua batez ere. Garai eta euskalki guztietako testuak jasoko ditu, euskara batuaren grafiara eta morfologiara ekarrita eta argazki edo bestelako irudi esanguratsuekin hornituta. Poemen kasuan, bertsio musikalarekin batera. Beste kasu batzuetan, gaiari buruzko dokumental edo filmetara daramaten estekekin. Online eskainiko dira testuak, denak etiketatuta, irakaslea edo ikaslea erraz irits dadin haietara. Eta Euskaltzaindiaren Hizkuntzaren Kalitatearen Behatokiak (HIZBEA) arretaz aztertuta. Erakunde literario sendo baten faltagatik bere garaian inprentako hutsekin edo akatsekin argitaratu ziren testuak merezi bezala editatzen ari gara.

Adibideren bat jarriko zenuke?

Eman dezagun Historia irakasle bat Industrializazioa lantzen ari dela. Bada, bilatzailea erabili, eta garai horri buruzko testigantzak, ipuinak, bertsoak aurkituko ditu. Berdin Lehen Mundu Gerrari edo 36ko Gerrari buruzko testuen bila baldin badabil. Hizkuntza irakasleak euskararen historia soziala landu nahi duela? Bada, Kardaberaz, Humboldt, Emeterio Arrese, Piarres Larzabal, Mikel Zarate, Joan Mari Torrealdai edo Koldo Izagirreren pasarteak aurkituko ditu. Noeren ontzia izena eman diogu bildumari. Izan ere, Noe patriarkaren antzeko espirituarekin ekin diogu lanari: erreskata ditzagun gure ondorengoek ezagutu beharko lituzketen euskal testuak, ekar ditzagun lehen planora uholde handiak zeru-lurrak estali baino lehen.

Zer behar da literatura ondo itzultzeko?

Beti aipatzen diren kontu horiek: irakurle ona izatea, interpretazio okerretan ez erortzeko; egilearen estiloarekin, ahotsarekin, bat egiteko gaitasuna, norberarena bazterrean utzita… Itzultzaile guztiek, hangoek eta hemengoek, bete beharreko baldintzak dira horiek. Gure kasura etorrita, jakin behar dugu, beste hizkuntza batean idatzitako obra benetan euskarara ekarri nahi badugu, ezingo dugula hori jauzi bakarrean egin, hain zuzen ere gure hizkuntzaren berezitasunagatik. Atletismoko jauzi hirukoitzarekin konparatzen dut nik. Begia jatorrizko testuan duzula egiten duzu lehenengo jauzia; bigarrena, begi bat jatorrizkoan eta bestea itzulpenean duzula; baina hurrengoan, begia jatorrizkotik kendu, inpultsua hartu, eta euskarazko testuarekin lan egin behar duzu, abiapuntutik urrunduz. Aurreko jauzietan jatorrizkoarekiko leialtasuna gorde baduzu, oraingo honetan euskararekiko leialtasuna erakutsi behar duzu. Euskararen hitzak, egiturak, esapideak erabiltzen ari zarela ziurtatu. Ez dadila testua gelditu erdibidean, bi hizkuntzen artean.

Jauzi hirukoitz hori egin behar du, noski, euskaratik beste hizkuntza batera itzultzen ari denak ere. Gaztelaniara itzultzerakoan, adibidez, jauzi bakoitzarekin dentsitate handiagoko sintaxi batera jo behar da kasu askotan. Gaztelaniatik ingelesera itzultzen dutenek, aldiz, kontrakoa egin behar izaten omen dute: esaldiak zatitu, ingelesak nekez hartzen duelako gaztelaniazko esaldi konplexuen dentsitatea.

Jarraitu irakurtzen Berria.eus webgunean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!