Aurreikuspenak betez, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak apirilaren 21erako deitu ditu Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Arratsaldean gobernu kontseiluaren bilera izan dute, eta saio «berezia» izan dela azpimarratu du. Dekretua datorren otsailaren 27an argitaratuko da EAEko Aldizkari Ofizialean. Dagoeneko aipatuak zituen hiru helburuak erdietsi eta gero deitu ditu hauteskundeak: gobernu programa betetzea, «hurrengo lehendakariari eta gobernuari ahalik eta legaturik onena uztea» eta gizartearen «interes orokorra defendatzea».
2012an kargua hartu zuenetik egindakoak gogoratu ditu, eta orduan errandakoak errepikatueta eskerrak eman dizkio gizarteari nahiz legebiltzarkideei. Bere legealdian lortutako hiru ideietan jarri du arreta: lana, hobera egitea eta kohesioa, errespetua eta elkarbizitza. «Ohore bat izan da ibilbide hau zuekin egitea, bihotz-bihotzez eskerrik asko», borobildu du.
Bere legealdian lortu gabe geratu diren erronkez galdetu diote, eta adierazi du horri ez diola garrantziarik ematen, baizik eta nola egin duten lan, egungo gizartea nola dagoen eta zer lortu duten.
Joan den astelehenean, EAJren EBBko presidente Andoni Ortuzarrekin eta PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Anduezarekin bildu zen Urkullu, legealdiaren balantzea egiteko. Izan ere, orduan betetzat jo zituen Eusko Jaurlaritzak legealdirako ezarritako helburuak; nahiz eta, Urkulluk berak aitortu izan duen moduan, Gernikako Estatutuan jasotako hiru eskumenen transferentzia ere gauzatu nahi duen gobernua utzi aurretik: aldiriko trenak, migrazioa eta tituluen homologazioa. Horiei buruz mintzatu da gaurko saioan eta oraindik lanean dabiltzala adierazi du eta horretan jarraituko dutela legealdia amaitu arte.
Deialdia, aurreratuta
Deialdien ordularia aurrerratzea ala atzeratzea gobernuburuen ahalmenen artean dago, haiei baitagokie bozetara deitzea. Urkulluk aurreratu egin ditu 2024ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak, berez, uztailera arteko epemugarekin egin baitaitezke boz horiek. Hain zuzen, epemuga hori duela lau urteko atzerapenak ezarri zuen. Koronabirusaren pandemia betean, behar baino lehenxeago egitekoak ziren hauteskundeak, azkenerako atzeratu egin zituen Jaurlaritzako buruak.
2020ko apirilaren 5erako egin zuen deialdia Urkulluk berak, baina pandemiak eragindako salbuespen egoerak erabaki hori atzera bota, eta bozetara uztailerako deitzera eraman zuen lehendakaria. Jatorrian, apirilaren 5erako deialdia egin zuela eta, Urkulluk esana zuen «logikoa» dela 2024koak ere apirilean egitea, baina, legez, uztailera arteko epemuga zegoen.
Bozetan, beren alderdiek ahalik eta emaitza onenak lortzeko testuinguruaren bila egiten dituzte gobernuburuek ordulari horren aurreratze-atzeratzeak. Duela lau urte, oposizio osoak eskatu zuen hauteskundeak atzeratzea: pandemiak egoera dramatikoa ekarri zuen, eta baldintza horietan bozkatzera joatea ez zen zentzuduna inorentzat. Baina uztailerako hitzordu berriak, uztailaren 12koak, desadostasun handia eragin zuen, eta oposizio osoak kritika gogorrak egin zizkion Urkulluri.
Jarraitu irakurtzen Berria.eus webgunean.