«Helburu zehatzik ez dut. Errepidean nire onena eman nahi dut», esan du tolosarrak. 2023ko uztailean, bi urte eta erdirako kontratua sinatu zuen Caja Rural taldearekin. «Espainiako Txapelketan lortutako bosgarren postuak dena aldatu zuen». Saskibaloia utzita, pandemia garaian hasi zen bizikleta gainean, eta aurtengoa hirugarren denboraldia du txirrindulari gisa.
2023an txirrindulari profesionala bihurtu zinen. Urte ahaztezina izango zen, ezta?
Bai, oso berezia eta polita izan da. 2022. urtea amaitu ostean ez zen erraza izan zer egin erabakitzea, ezin nuelako Euskal Herrian lehiatzen jarraitu, baina ametsarengatik borrokan jarraitzea erabaki nuen. Portugalen hasi nuen denboraldia, lanean jarraitzen nuen bitartean, eta urtea erabat txirrindulari profesional gisa amaitzea oso polita izan zen.
Hilabete batzuk atzera jota, zer lortuko zenuen esan izan balizute, agian ez zenuen sinetsi ere egingo.
Ez. 2022aren hasieran ia ez nekien tropelean ibiltzea zer zen ere; dena oso azkar joan da. Bizikletan hasi nintzenean, ez nuen profesional bilakatzeko aurreikuspenik, eta, orain, ikaragarria da gauden lekuan egotea eta beste bi urterako kontratua izatea.
Elkarrizketa osorik Berria.eus webgunean.