Zuhaitz Gurrutxaga Gure Zirkuko karpatik irten da, Iker Galartzarekin antzezlan baterako entseatzen ari baita. Joseba Usabiaga batera eta bestera dabil. Zirkukoak emanaldi berezietarako sarrerak nola doazen aipatzen ari dira. Esperientzia ahaztezina da Gure Zirkuaren ikuskizun bat bertatik bertara ikustea. ETB1ek, berriz, Gure Zirkuaren atzean dagoena erakutsiko du: urtarrilean estreinatuko dute lau ataleko programa. Sua Enparantza aktore eta dantzaria joango da saiora zirkua nolakoa den ikustera, eta haren begietatik iritsiko da magia hori etxeko ikus-entzuleengana.
Orio Produkzioak ekoiztetxeak egin du Gure Zirkua saioa. Irati Sarasua da zuzendaria. Gidoilari lanetan, berriz, Aitzol Barandiaran aritu da, eta zuzendariordea Luis Oiartzabal da —Herri txiki, infernu handi programako zuzendaria—.
Iker Galartza Gure Zirkuaren sortzaile eta arduradunak kontatu duenez, ETBren ideia izan zen programa bat egitea. «Duela bi urte telebistatik esan ziguten polita izango zela erreportaje bat egitea Gure Zirkuaren inguruan. Guk ETBri esan genion nahiago genuela gauzak egonkortu arte nahiago itxaron. Ez genuen nobedade bat izan nahi, besterik gabe». Aurten, berriro joan zitzaizkien ETBkoak eskaera berarekin. «Taldea egonkortuta dago orain, eta aurrera egin genuen. Pentsatu genuen zirkuaren atzealdea ezagutarazteko modu bat izan zitekeela saioa». Jendearen galderei erantzuteko modua izan daiteke programa, Galartzaren aburuz. «Eta oso eskertuta nago, gauzak erraztu egin dizkigute eta».
Jarraitu irakurtzen Berria.eus webgunean.