Ilusioaren dirdira begiradan marraztuta sartu da Tolosako Fronton kafetegira. Herrikide pare bat agurtu leihotik beste aldera, eta solastatzeari ekin dio Xabier Zeberio Etxetxipiak (Tolosa, Gipuzkoa, 1978). Bakarkako estreinako diskoa du Pause (Forbidden Colours). Ezin kontentuago dago harrerarekin: «Bere neurrian, oihartzuna izaten ari da; disko hau ni naiz, eta harro nago». Hiru kontzertuko biratxoa hasiko du bihar Gasteizko Aitzina Folk jaialdian –Jesus Ibañez de Matauko antzokia, Hegoalde Gizarte Etxean. 19:00etan–. Abenduaren 28an etxean ariko da, Tolosako Leidor aretoan (19:00), eta, abenduaren 30ean, Markina-Xemeingo (Bizkaia) Arretxinagako San Migelen (19:00). Laukote moldean ariko da lehen bietan: Aitor Etxebarria (teklatuak, sintetizadoreak eta soinu diseinua), Iñar Sastre (pianoa), Eñaut Zubizarreta Trigger (txeloa) eta Xabier Zeberio (biola, nyckelharpa eta biolina). Hirugarren kontzertuan Iñar Sastrerekin ariko da, bikote formatuan.
Pause musikal bat behar du mundu honek?
Musikala eta modu guztietako pausa behar du munduak. Ez dut nik ezer asmatuko, baina ez goaz oso bide onetik. Gelditu beharra dauka munduak zentzu askotan, eta baita musikaren esparruan ere. Saiatu naiz nik gustura entzungo nukeen musika hori egiten, eta konturatu naiz barrura begira egindako musikak erakartzen nauela, behar dudala. Horrek ez du esan nahi jai giroko musika ez dudanik maite; asko jorratu dut, eta izugarri gustatzen zait, baina pause bat behar da gizartean, eta uste dut jendeak eskertzen duela.
«Musika bada baltsamikoa», zioen Ruper Ordorikak.
Bai, barnera begirako musika ez dago bogan egun, baina konturatu naiz bai zuzeneko horretan, eta bai diskoko kantuak partekatu ditudanean, feedback handia izan dela. Konturatzen zara zenbat eta zenbat jende dagoen eremu barnerakoi-lasaigarriago hori arakatzeko beharrean, pausa bat egiteko, bai musikan, bai gizartean, bai eguneroko bizi erritmoan. Eta ni naiz horietako bat; Pause jarri diot izenburu diskoari, baina azeleratua nabil guztiz. Gure egunerokoa da agenda hartu eta gauzak ezabatzen joatea. Abiadan egiten dugu aurrera, bideaz batere disfrutatu gabe. Eta musikak eragin dezake baltsamo hori: niri eragiten dit, eta besteei sorrarazi nahi nieke hori ere, jakina. Gaur egun ez da erraza norbaitek disko bat osorik entzutea, baina ez da disko bereziki luzea, 35 minutu inguru ditu, eta gonbita egiten du lasai entzuteko eta pausa hartzeko. Hori lortzen badu diskoak, ni pozik.
Jarraitu irakurtzen Berria.eus webgunean.