Ikerketa baten arabera, Eliza sexu abusuen arazoa «ukatzen» saiatu da

Erabiltzailearen aurpegia Berria 2023ko urr. 30a, 16:59
Ostiralean aurkeztu zuten abusuen inguruko txostena.

Espainiako Herri Defendatzaileak txosten bat landu du. Abusuen «eragin handia» aztertu dute. Sexu abusuak frogatu diren Gipuzkoako 17 gune erlijiosoen artean sartu dute Tolosako Eskolapioen ikastetxea.

Eliza katolikoaren baitan gertatutako sexu abusuei buruzko txosten bat ondu du Espainiako Herri Defendatzaileak; ostiralean aurkeztu zuen. Ikerketak berretsi du sexu abusuen auzia «arazo larria» dela, eta biktimengan «eragin handia» duela. Era berean, ohartarazi du Eliza sexu abusuen arazoa «ukatzen edo gutxiesten» saiatu izan dela. «Ukazioari eta ezkutatzeari ez ezik, biktima batzuek erakundeko ordezkarien presioei ere aurre egin behar izan diete, pairatutako abusuen errudun egin izan dituztelako», azpimarratu du.

Txostenak Espainiako datuen berri eman du —autonomia erkidegoen datuak, aldiz, ez dituzte zehaztu—: biztanleen %11,7k sexu abusuak jasan dituzte noizbait; %1,13 erlijioarekin lotutako esparruan. Hau da, 445.000 pertsonek sexu abusuak jasan dituzte Elizaren barruan, eta 236.500 apaizek egin dituzte. Biktima asko seminarioetan oso gazte sartzen ziren mutilak dira; bertan, gizartetik eta familiarengandik bakartuta bizi ziren. Testigantzek hainbat arrisku faktore zerrendatu dituzte: besteak beste, abusuak jasandako momentuan adingabe izatea, «ahultasun fisikoa», autonomia eza edota «erabateko» konfiantza abusua eragin dionarengan.

Sexu abusuek eragindako ondorioak jaso ditu ikerketak. Horien eragina biktimaren arabera aldatu daiteke, baita erasotzailearekin eta inguruarekin duen harremanaren arabera ere. Hala ere, «emozio eta jokabide arazoak» ondorio nahiko orokorrak dira. Harreman arazoak eta arazo funtzionalak (loaren nahasmendua edota elikadura arazoak, adibidez) ere eragin ditzakete, baita trauma osteko estresa, depresioa, lotsa eta estigmatizazioa ere. «Azken bi horiek azal dezakete biktimek bizitzan zehar izandako esperientziak kontatzeko duten zailtasuna». Ondorioak epe luzekoak izan daitezke: «Helduarora arte iraun dezakete, bereziki justizia eskaerentzat erantzun egokia aurkitzen ez dutenean». Bestalde, sexu abusuak pairatzen dituzten adingabeek, batzuetan, ez dute eskolara joan nahi; ikaskideengandik bakartu egiten dira eta euren buruaz beste egiteko nahia ere adierazten dute.

Jarraitu irakurtzen Berrian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!