Poliziaren Biktimen Balorazio Batzordeak beste 66 biktima aitortu dituela jakinarazi du Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubide, Berdintasun eta Justizia Batzordean eginiko agerraldian. 2022-2023 kurtsoko txostenean jaso dituzten datuen arabera, besteak beste, torturak jasandako 49 laguni eman diete aitortza. Era berean, batzordeak segurtasun indarrek eta eskuin muturreko taldeek hildako Joxean Lasa, Josu Mujika eta beste zazpi lagun aitortu ditu biktima gisa. Aurrera begira, berriz, baliabide gehiago eskatu dituzte oraindik ere aztertzen ari diren kasuak ebazteko, eta biktimek eskaerak luzatzeko epe berri bat irekitzeko galdegin dute, eta zenbait erakunderen jarrera txarretsi.
Batzordeak jakinarazi duenez, 2022ko uztailetik 2023ko ekainera bitarte, 131 espedienteren inguruan ebatzi dute, eta horietatik 66ri eman diete aitortza —denera, orain arte 143 aitortu dituzte—. Urraketa gehienak (48) Gipuzkoan eman ziren, eta hamar Euskal Herritik kanpo. Era berean, kasu gehienak 1970eko hamarkadakoak dira. Biktimei dagokionez, berriz, 66tik 11 emakumeak dira, eta bi herenek 24 urte edo gutxiago zituzten urraketak pairatu zituztenean —bost lagun 16 urtetik beherakoak ziren—. Biktimarioari dagokionez, berriz, Guardia Zibila eta Espainiako Polizia nabarmentzen dira: hamazazpi kasutan lehena da urraketen egilea, 32 kasutan bigarrena eta 11 kasutan biak —Ertzaintzarekin lotutako kasurik ez dago—. Talde parapolizialei dagokionez, txostenean ageri dira BVE, Triplea A, ANE, GAL eta Guerrilleros de Cristo Rey.
Hilketak eta erasoak
Txostenean bederatzi hileta kasu ageri dira: zazpi poliziak edo eskuin muturreko taldeek tiroz hil zituzten; bat eskuin muturreko talde batek «kolpeka, bortxatu ondoren»; eta azkena, Joxi Zabala, «hil egin zuten, bahitu, bortxaz desagerrarazi eta torturatu ondoren».
Izatez, Joxi Zabalarena da txostenean osorik idatzirik ageri den izen bakarra, kasuaren ezagutza maila kontuan hartuta, hura publiko egitea ebatzi baitute. Testuan, gorpuak Tolosan ehorzteko prozesuak senideei eragindako «mina» ere jasotzen du. Era berean, erreferentzia egiten dio Joxean Lasari ere, nahiz eta batzordeak ez duen haren inguruko irizpenik eman, «senideek ez zutelako aitortza eskaera egin legean ezarritako epearen barruan».
Jarraitu irakurtzen Berrian.