ELKARRIZKETA

«Korrika egitera behartu behar dugu Athletic»

Erabiltzailearen aurpegia A. Arratibel Gascon 2023ko urr. 21a, 12:00
BERRIA.EUS / JON URBE / FOKU

Denboraldia ondo hasi du Sarasolak. Taldea «dinamika onean» ikusten du, eta uste du irabaziz gero «lanak eginda» ekingo diotela etenari.

Entrenamendua amaitu berri du Izarne Sarasola (Ibarra, 2002) Realeko jokalariak. Onartu du nabari dela aste berezia dela hau.

Zer moduz dago taldea biharko derbiari begira?

Gogotsu eta ilusioz gaude. Eibarren aurka oso partida txukuna jokatu genuen. Bete-betean sartu ginen partidan, eta horren isla da emaitza: 3-1. Orain beste derbi bat daukagu, Athleticen aurka, eta aste polita izan da.

Euskal Herria Kopako finalean 4-1 galdu zenuten Lezaman. Partida diferentea espero duzu?

Bai, diferentea izango dela uste dut. Orduan denboraldiaurrea zen oraindik, hainbat jokalari falta genituen, eta orain taldea dinamika onean dago.

Emaitza bestelakoa izateko, zer egin beharko duzue zuek zelaian?

Baloia gehiago eduki eta bizkorrago mugitu. Hala eginez gero, haiek gehiago egin beharko dute korrika; eta hori lortzen badugu, minutuak aurrera joan ahala nekatu egingo dira. Ezingo dira hain bizkor atera erasora. Horrekin batera, argi dago defentsan sendoago eta oldarkorrago aritu beharko dugula.

Eta Athleticez zer espero duzu?

Athletic ondo indartu da udan. Talde gaztea da, eta fisikoki oso ondo daudela uste dut. Zelai erditik aurrera dituen jokalarien abiadura baliatzen ahaleginduko da, gure defentsaren bizkarra bilatu eta min egiteko. Hori egin zuen Euskal Herria Kopako finalean. Beraz, oso adi egon beharko dugu, baita hegaletatik egiten dituen erdiraketekin ere. Ondo zaindu behar ditugu.

Aurrean izango duzue Nahikari Garcia. Urte asko egin zituen Realean. Nola ikusten duzu?

Argi dago gogotsu dagoela, Real Madrilen ez baitzuen nahi beste jokatzeko aukerarik izan. Gertutik zaindu beharko dugu, bai baitakigu nolako jokalaria den.

Bihar irabaziz gero, 10 punturekin joango zarete etenera. Zer balorazio egiten duzu taldearen liga hasieraz?

Argi dago ez genuela espero Granadaren kontra galtzea. Partida hori ez zitzaigun nahi bezala atera, ez ginen ondo aritu. Gainera, Aneren [Etxezarreta] kanporatzeak are gehiago zaildu zigun partida. Baina gainontzekoetan taldeak puntu dezente lortu ditu, eta, batez ere, ondo lehiatu da. Dinamika onean ikusten dut. Oso ondo ari gara entrenatzen; giro bikaina daukagu, eta ilusio handia denboraldi ona egiteko. Gainera, lortzen ari garen emaitzek konfiantza ematen digute aurrerapausoak ematen jarraitzeko.

Jarraitu irakurtzen Berria.eus webgunean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!