Oroimenaren basoan murgil

Erabiltzailearen aurpegia Garbine Ubeda 2023ko urriaren 19a

Iñaki Irazuk 'Zakur zaunkak' plazaratu du, bere bigarren poema liburua. Istorio bat besteari lotuz, 36ko gerratik hasi eta gaur arteko oroimen osoago bat jaso du

Errukiaren saria (Erein) poema liburuaren ondotik heldu da Zakur zaunkak (Susa), Iñaki Irazu poetak (Asteasu, Gipuzkoa, 1954) ondu duen bigarren lana. Aurreko liburua irakurri duenak «lehen begi kolpean poeta bera» ezagutuko duela dio Leire Lopez Ziluaga editoreak, «lerro guztiek antzeko luzera dutelako, bi kolpetan emanak direlako gehienetan, eta simetria moduko bat sortzen duelako liburu osoan».

Hortaz, forma da irakurlearen arreta erakartzen duen lehen elementua. Lopez Ziluagak, baina, hain begi bistakoa ez den zerbait nabarmendu du beste ezeren gainetik. Alegia, tonua. Izan ere, «kontalari lasaiaren tonu batek ematen dio batasuna liburu osoari». Tonu narratiboa da, «nabarmentzen ez delako nabarmentzen dena». Poemaren lehen lerroan harrapatu eta «ia konturatu barik» eramaten du irakurlea.

Idazlea oroimenean murgilduta dabilela dio editoreak, «baina ez oroimen propio batean, edo ez soilik». Oroimen kolektiboa da Zakur zaunkak liburukoa, «eta pertsona fikzionatu batek ematen dizkion bideei tiraka» sortua.

36ko gerratik gaur egunera arteko mundua ageri du Irazuk. Euskal Herrian dago girotua, eta pertsona konkretuen kasuak batzen ditu: 36ko gerran jipoitutako baten kasua, eskola erlijioso batean esku luzeegiak zituen apaizarena, poliziek hildako militantearena, desagertutako umearena, tortura geletatik pasatutakoen hainbat kasu eta abar.

Bizitza «markatuak» dira denak, eta marka horren zergatia deskubritzen da irakurri ahala, «baina irakurleak ez ezik, bertako pertsonaiek ere zerbait ikusiko dute, zerbait ulertuko dute», Lopez Ziluagaren hitzetan. Kasu batzuetan, hil egingo dira horren ostean, «ulertzea bizitzaren helburuetako bat balitz bezala».

Jarraitu irakurtzen hemen.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!