Urte asko igaro dira Laket taldea lehen aldiz agertokira igo zenetik. Hasieran, panderoa eta trikitia baino ez ziren; pixkanaka, beste instrumentu batzuekin osatu zuten taldea: baxua, tronpeta, tronboia, gitarra, perkusioa... Hala, gaur egun honako hauek osatzen dute Laket: Maitane Aiertzak (Asteasu, Gipuzkoa, 1986), Beñat Larraurik (Tolosa, Gipuzkoa, 1992), Iñaki Odriozolak, Mikel Sanchezek, Zigor Sagarnak, Jon Guadixek eta Naiara Aiertzak. Guztira, zazpi lagun elkartzen dira, herriko plazetan musika jotzeko.
Nondik dator Laket izena?
MAITANE AIERTZA: Taldekide batek ekarri zuen, Iparraldeko lagun batek proposatu ondoren. Izan ere, laket hitzak gustuko zerbait esan nahi du, eta aproposa iruditu zitzaigun izen gisa jartzeko.
Guztira zazpi lagunek osatzen duzue taldea. Zer moduz konpontzen zarete elkarrekin?
BEÑAT LARRAURI: Kuadrilla giroa dugu. Denbora asko pasatzen dugu elkarrekin. Batzuetan, bazkaltzera, afaltzera eta, geroz eta gutxiago, baina parrandaren bat egitera ere joaten gara. Giro hori pixkanaka sortu da, baina beti izan da ona. Gutxitan izaten ditugu liskarrak.
Herri ezberdinetan bizita, entseguak egiteko nola moldatzen zarete?
AIERTZA: Behin udako denboraldia igarota, elkar ikusten saiatzen gara. Aste barruan ezinezkoa izaten da, bakoitzak gure lana dugulako, eta herri ezberdinetakoak garelako. Neguan, gehienbat, asteburuan entseatzen dugu. Gutxienez, hamabost egunean behin ikusten dugu elkar.
LARRAURI: Zaila izaten da, bakoitzak bere bizia du, eta bere agenda. Azkenaldian, abesti berriak sartu nahian gabiltza kontzertuetan jotzeko, eta horretarako, entseatzea besterik ez dago.
Jarraitu irakurtzen Berria.eus webgunean.