elkarrizketa

«Egunero galdetu behar da jendea zer moduz dagoen, ez COVID garaian soilik»

Erabiltzailearen aurpegia Ane Insausti Barandiaran 2023ko eka. 4a, 14:00
BERRIA.EUS / ANDONI CANELLADA / FOKU

Adinekoen aldarriak ezkutuan geratzen direla salatu du Berriotxoak. Besteak beste, eskatu du zaintzan bizitza osoa eman duten emakumeen pentsioak igotzeko, baliabide gehiago jartzeko, eta zaintza sistema publikoa eta integrala izateko.

Sarri esaten dio bere buruari «zerbait utzi beharko zenuke» Nekane Berriotxoak (Urretxu, Gipuzkoa, 1949); ez du hala egiten, ordea. Irakasle izan zen Zumarragan eta Tolosan (Gipuzkoa), militante feminista da, Oneka emakume pentsiodunen taldeko bozeramailea da, eta TOPAn (Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde) ere aritzen da. «Pentsio duinak, berdintasuna, osasun publikoa, adinekoei eragiten dieten gaietan parte hartzea, eta zaintza publiko integrala» ditu aldarri. Elkarrizketa egin bitartean hainbat dei jaso ditu, bateko eta besteko bilerekin lotuta.

Ofizioz irakasle izan zinen. Nola hasi zinen irakaskuntzan?

Oposizioak egin nituen, eta Zumarragan hasi nintzen lanean, eta gero Villabonan ere bai. Gizonak industrian aritzen ziren, eta ni, berriz, irakaskuntzan.

Nolakoa zen giroa Zumarragan?

Oso giro erdalduna zen, kanpoko jendea zen gehiena, Salamancaren edo Valladoliden [Espainia] moduko lekuetakoak. Nik euskara galdu egin nuen txikitan; ahizpa eskolan hasi zenean, etxean gaztelera sartu zen, eta galdu egin nuen.

Eta noiz berreskuratu zenuen?

Villabonara [Gipuzkoa] joandakoan. Pixkanaka, euskara ikastetxean sartzen hasi ginenean, eta kuadrillarekin hitz eginez. Euskaltegian hasi nintzen, eta ikastaro pila bat egin nuen. Irakasleak izanik, uda aprobetxatzen genuen ikastaroak egiteko. Gogoan dut hemen egin genituela batzuk [Tolosan], eta Kike Amonarriz eta Martxelo Otamendi izan ziren irakasleak. Gero, Donostian, Txillardegi, Koldo Aldalur... Halere, akats pila bat egiten dut.

Zergatik joan zinen Villabonara?

Ezkondu nintzenean, Villabonara etorri nintzen. Bi aukera izan nituen lanerako: Villabonara ala Tolosara joan nintekeen. Zalantza izan nuen, eta Villabonan geratu nintzen. Eta eskerrak, gero Tolosan arazo pila bat izan baitzen euskara zela-eta. Zatiketa egon zen. Villabonan, berriz, oso ondo konpondu ginen.

Hasieran, eskolak gazteleraz ematen zenituen, beraz.

Pixkanaka-pixkanaka hasi ginen euskaraz ematen. 30 urte egin nituen Villabonan. Azkenean, jende berria etorri zen, gaztea, euskalduna, eta oso ondo konpondu ginen. A eredutik abiatuta, gela bakoitzean euskaraz ordu bat ematen hasi ginen, orduan ez zegoelako legerik. 1977an-edo izango zen hori. Gogoratzen naiz batek zera esan zidala, gazteleraz: «Nire gelara ez zara euskara ematera sartuko». Eta, bueno, sartu nintzen. Hasieran, A eredua geneukan; gero, B eredua; eta, azkenik, D eredua ezartzea lortu genuen.

Zer irakasten zenuen?

Matematika ematen nuen nik; hizkuntzetan ez naiz ondo moldatzen. Gero ingelesarekin ere hasi nintzen, eta nahiz eta hainbat urte eman ditudan ingelesa ikasten, uste dut orain zerbait esango balidate blokeatuta geratuko nintzatekeela. Gero, erretiroa hartu nuen, oso goiz, arazoak izan nituelako. Pentsioa eman zidaten orduan.

Gazte erretiroa hartuta, zer egin zenuen?

Urte batzuk hor ibili nintzen, zer egin pentsatzen. Tolosara etorri nintzen orduan bizitzera, eta emakumeen taldean hasi nintzen. Nik neure burua feminismoan ikusten nuen. 20 urterekin-edo, Urretxun, taldetxo bat egin genuen kuadrillako eta inguruko emakumeek. Baina, noski, 1970ean, klandestinitatean egiten genituen bilerak. Gero, taldea desegin egin zen, jendea ezkondu zenean, bakoitza leku batera joan zelako bizitzera. Baina asko markatu ninduen esperientzia horrek.

Nolakoa zen feminismoa 1970ean?

Ez dizut esango oraingoa bezalakoa zenik, gai batzuk ez genituelako planteatu ere egiten. Gogoratzen naiz Simone de Beauvoirren liburua hartu genuela, eredu moduan. Gure artean eztabaidak egiten genituen, nahiz eta taldean egon, ikuspuntu desberdinak zeudelako. Abortua zen garai hartan gehien lantzen genuena, eta bakoitzaren pentsaera, kapitalismoarekin lotutako gaiak aztertu... Opusekoek antolatzen zituzten hitzaldietara ere joaten ginen, kontra egitera.

Pentsiodunen mugimenduan ere aritzen zara. Noiztik?

Hemen [Tolosan], pentsiodunen taldea 2017an antolatu zen. Taldetxo bat gara, eta astelehenero elkarretaratzeak egiten ditugu, besteak beste

Jarraitu irakurtzen Berria.eus webgunean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!