Jaurlaritzak 12 irrati libreren eskaerak bidali ditu Madrilera

Erabiltzailearen aurpegia Urtzi Urkizu 2023ko mai. 14a, 12:00
Ataria irratiko estudioa

Irratiek legezko frekuentzia eskatu dute, lege berriak zabaldutako atea baliatuz. Espainiako Gobernuaren erantzuna jasotzea falta da orain

Litekeena da Euskal Herriko hainbat irratik legezko frekuentzia bat lortzeko aukera izatea datozen hilabeteetan, eta, prozedura horretan, lehen pausoa eman dute. Espainiako Ikus-entzunezkoen Lege Orokor berriaren hirugarren xedapen gehigarriak zabaldu zuen iaz atea, bertan jasotzen baita irrati eta telebista zerbitzu komunitario eta libreek frekuentzia bat lortu ahalko dutela.

Baina kontua ez da egun batetik bestera gauzatuko. Lehenbizi, irrati libreek eskaera bat bidali behar zuten erkidego bakoitzaren gobernura. Urtarrilaren 9a zuten horretarako epea. Arrosa sareko hainbat irratik egin zuten eskaera. Orain, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak Madrilera bidali dituzte eskaerak. Espainiako Ekonomia Gaietako eta Transformazio Digitaleko Ministerioaren erantzuna falta da, eta litekeena da Madrilek irratiei txosten teknikoak eta homologazio zehatzak eskatzea.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntz Politika Saileko iturriek azaldu dutenez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan eskaera egin duten irratietatik soilik bi gelditu dira kanpoan, «baldintza objektiboak betetzen ez zituztelako». Beste hamabi irrati hauentzat, berriz, frekuentzia eskaera igorri dute Madrilera: Hala Bedi irratia (Gasteiz), Siberia-Gasteiz irratia (Gasteiz), Open Communication (Bilbo) —lehen Candela Radio zena, eta orain Activate FM—, Bidea irratia (Bilbo) —kristaua da, adbentistena— , Bilbo Hiria irratia, 97 irrati librea (Bilbo), Herri Irratia (Bermeo eta Bilbo), Antxeta Irratia (Irun eta Hondarribia, Gipuzkoa), Zintzilik irrati librea (Errenteria, Gipuzkoa), Arraio irratia (Zarautz, Gipuzkoa) eta Tolosaldeko Ataria irratia (Gipuzkoa) .

Eusko Jaurlaritzari dagokio Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako irrati bidezko zerbitzu komunitarioetarako irrati maiztasunen espektroa erreserbatzeko eskaera Espainiako ministerioari bidaltzea, eta hala egin dute aste honetan bertan. «Beharrezkoa da argitzea Jaurlaritzak ministeriora eskaera bidaltzeak ez duela esan nahi irrati horiek lizentzia eskuratu dutenik. Ministerioaren erantzuna falta da, eta erantzun horri itxaron egin beharko diogu prozesua ixteko», azaldu dute Jaurlaritzakoek. Gainera, esan bezala, txosten tekniko eta homologazioei aurre egiteko, irrati batzuek gastu ekonomikoak izango dituzte, eta gerta daiteke zenbaitek horri aurre egiteko aukerarik ez izatea.

Jarraitu irakurtzen berria.eus webgunean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!