Ura gordetzeko depositu zahar bat da Aljibea, Villabonan (Gipuzkoa) dago, eta herriko gazteek-eta kontzertuak eta antzekoak egiteko erabiltzen dute gaur egun. Garai bateko lantegietakoen itxura badute hango pareta adreiluzkoek, xumean eder. Hantxe, funtzio publikoan lanean aritzeko Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako legeriak onetsitako hizkuntza irizpideen kontra azkenaldian ebatzi diren sententzien harira, euskararen jakintza ziurtatzeko hizkuntza eskakizunen gaineko gogoeta egiteko langintzan aritu ziren hiru lagun, BERRIAk propio eskatuta, martxoak 20 zituela: Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuorde Miren Dobaran, Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi Idurre Eskisabel eta Iñigo Urrutia legelaria. Tonua ez dute hirurek iguala; jarduera eremu ezberdinetatik aritzeak modulatzen du haien jarduteko modua ere, baina aski eraikitzailea izan zen solasaldia.
Zer irizten diezue atera diren epaiei?
IÑIGO URRUTIA: Azken sententzia hauek gure legeria zokoratu dute: erabat mugatu. Konstituziotik zuzenean eratorritako zenbait irizpide ezarri dituzte, legeria alde batera utzita, baina hori egitea ez dagokie epaileei. Epaileei legea aplikatzea dagokie.
Kontseilua aspalditxotik ari da epaien inguruan ohartarazten.
IDURRE ESKISABEL: Bai, epai diferenteak izan dira, toki desberdinetatik etorriak, baina guztietan sumatzen dugu hondoko korronte bat konstantea, gero eta forma sendoagoa hartzen ari dena, gainera. Batez ere, asko kezkatzen gaitu botere judizialak legelariaren tokia hartu izanak. Hizkuntza politiketan zuzenean eragiteko gaitasun ikaragarria dute, eta, gainera, gehiago eragiteko gaitasuna metatzen ari dira; hori benetan arduragarria da. Batetik, zuzenean hizkuntza politiketan horrek daukan eraginarenarengatik. Baina ez da bakarrik erabaki jakin horietan eragiten dutela, baizik eta aurretiazko kezkak ere sortzen dituzte.
Administrazioak nola hartu ditu?
MIREN DOBARAN: Harrituta geratu gara, gure legeriari, hain kontsentsu handiarekin onartutako legeriari kasurik egin gabe jo dutelako konstituziora; hori kezkatzekoa da guretzat, legeria hori kontsentsu handiarekin eta inolako arazorik gabe garatu delako, eta, gainera, gizartearen atxikimenduarekin. Oraintxe eman ditugun datuen arabera [VII. Inkesta Soziolinguistikoaren Araba, Bizkai eta Gipuzkoako datuak ezagutarazteko agerraldia egin eta gero egin zen topaketa], gure gizartea oro har euskararen sustapenaren eta gure legeriaren alde agertzen da.
Jarraitu irakurtzen Berria.eus webgunean.