Amasa-Villabonan egingo dute aurtengo Lasterbidean ekinaldia

Erabiltzailearen aurpegia Iosu Alberdi 2023ko otsailaren 26a

Lasterbidean lasterketa, iaz, Kanpezun. Berria.eus / Endika Portillo / FOKU

Ekainaren 3an egingo dute euskal presoen eskubideen aldeko lasterketa. Bederatzigarren aldia izango da.

Lasterbidean euskal presoen eskubideen aldeko lasterketak baditu eguna eta lekua: ekainaren 3an egingo dute, Amasa-Villabonan. Pandemiak eragindako geldialdiaren ostean, iaz jarri zuten berriz martxan, Kanpezun (Araba).

Lasterbidean ekinaldia 2013an egin zuten lehen aldiz, Oiartzunen (Gipuzkoa), eta ordutik beste zazpi edizio ere izan ditu. Antolatzaileek eta Etxerat elkarteak nabarmendu dute «kirola eta elkartasuna» uztartzea dituela helburu: «Babes sozialaren alorrean, zein kirolaren eremuan, ezinbestekoa da preso eta senideei ematen zaien elkartasuna eta konpromisoa».

Egitasmoaren berri ematearekin batera, gogoratu dute euskal preso gehienak Euskal Herriko espetxeetan dauden arren salbuespenezko espetxe politikak ez direla amaitu: «Urruntzea eta sakabanaketa amaitzeko euskal gizartearen inplikazioa erabakigarria izan den bezala, oraindik ere jendartearen lana eta mobilizazioa ezinbestekoa dugu blokeo zentzugabe hori desblokeatzeko».

Hala, antolatzaileek adierazi dute korrika jarraituko dutela «euskal preso, erbesteratu eta deportatuak etxean izan arte».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!