Aztarnategietan historiaurrean gizakiek erabilitako landareak aztertzen ditu Amaia Arranz Otaegik (Tolosa, 1987), handik informazio anitz lortzeko. Ezagutzen diren ogi apurrik zaharrenak aurkitu zituen, eta ordura arteko ustea aldatu. Orain, ikerketa abiatuko du jakiteko zergatik hasi ziren ehiztari-biltzaileak nekazaritzan. Hain zuzen ere, nekazaritzak giza eboluzioan izandako eraginaz mintzatu da asteon Bilboko Bidebarrieta liburutegian, EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak gonbidatuta.
Arkeobotanikariek non egiten duzue batez ere lan, kanpoan edo barruan?
Gure lana aztarnategietan hasten da: laginketa erabaki eta arkeologoekin eta zuzendariekin hartu-emana dugu. Kanpoan lan asko egiten dugu, baina laborategian pasatzen dugu denbora gehien.
Nola ikertzen dira garai bateko haziak, fruituak eta halakoak?
Lehenbizi flotazioa egiten dugu: urez betetako ontzian lurra botatzen dugu. Landare aztarnek normalean flotatzen dute, oso arinak direlako. Gero arrasto horiek lehortu eta laborategira ekartzen ditugu. Gure lana konparazioz egiten dugu normalean; erreferentzia bilduma bat dugu haziekin, fruituekin... Aurkitutako hazien morfologia deskribatu eta konparatzen dugu material modernoekin, espeziea, familia edo generoa zehazteko.