Nekane Txapartegi euskal herritarrari sei hilabeteko espetxe zigorra ezarri dio Espainiako Auzitegi Nazionalak, dokumentazioa faltsutzea egotzita. Hala adostu zuten defentsak eta fiskaltzak, eta, beraz, ez da espetxean sartuko. Txapartegik 2007an egin zuen ihes, espetxe zigorra ekiditeko. Suitza izan zuen bizitoki, iazko apirilera arte. Orduan itzuli zen Euskal Herrira, Auzitegi Nazionalak jakinarazi ostean ez zutela ETArekin lotura izateagatik epaituko. Naiz-ek argitaratu duenez, Txapartegik epaileari adierazi dio 2007an ezarri zioten zigorra torturapean egindako adierazpenetan oinarritu zela, eta halakorik berriz ez jasateko egin zuela ihes.
Txapartegi 1999an atxilotu zuten, 18/98 auziko Xaki piezaren barruan, eta inkomunikazio aldian torturatu egin zutela salatu zuen —besteak beste, adierazi zuen bortxatu egin zutela—. Auzitegi Nazionalak 11 urteko espetxe zigorra ezarri zion 2007ko abenduan, ETAko kide izatea leporatuta. Defentsak, baina, helegitea aurkeztu zuen, eta Auzitegi Gorenak sei urte eta bederatzi hilabetera murriztu zuen 2009an; oraingoan, ETAri laguntza ematea leporatuta. Ordurako, Txapartegik ihes egin zuen.
Jarraitu irakurtzen Berria.eus webgunean.