Arratsaldean 600 metrora jaitsiko da elur maila, eta gauean 400 metrora

Elurra, Bidania-Goiatzen, 2020ko abenduan.

Goizean garraio zerbitzu ugari trabaturik geratu dira euriteengatik, eta zenbait errepide itxi dituzte elurteen ondorioz. Biharko espero da elur gehien.

Euskalmetek abisu horia ezarri du Gipuzkoako eta Bizkaiko kostaldean eta barnealdean, Arabako erdialdean eta Ebro alboko eskualdean; zona horiek ez dira, oro har, haizegune gisa sailkatuak izaten. Ohartarazi duenez, baliteke haize boladek orduko 80 kilometro inguruko abiada izatea. Kostaldetik hurbil, abiada orduko 90-100 kilometrokoa ere izan liteke.

Bestetik, jadanik elurtuak dira Euskal Herriko zenbait zona garai. Gainera, orduek aurrera egin ahala apaldu eginen elur maila, eta baliteke beste zenbait lurralde ere zuritzen hastea laster. 13:00etan, Eusko Jaurlaritzak Neguko Bidezaintza Planaren fase operatiboa aktibatu du. Euskalmeten arabera, arratsaldean elur maila 600-700 metrora jaitsi daiteke, eta gauean 400 metrora. Bihar egun osorako alerta laranja ezarri dute, izan ere, 300-400 metroan bota dezake elurra, eta zenbait lekutan baita beherago ere.

Jose Antonio Arandak, Euskalmeteko arduradunak, azaldu du «negu gorriko egoera bat» dela egunotakoa, eta herritarrei kontuz ibiltzeko eskatu die. Sonia Diez de Corcuera Eusko Jaurlaritzako trafiko zuzendariak gomendio batzuk eman ditu, eta gidariei «ardura eta kontu handiarekin» ibiltzeko eskatu die. Esan du ezinbestekoa dela gidatzeko modua egokitzea: «Abiadura muga 120 kilometro ordukokoa bada baina elurra ari badu, mantsoago joan beharko dugu», esan du. Aipatu du txingorra egiteko arriskua ere handia dela, eta hori arazo larria dela errepidean. Horregatik, gidariei esan die autoa ez hartzeko beharrezkoa ez bada.

Euskalmeten taula eta grafiko hauetan bildu ditu gaurtik ostiralera arteko prezipitazio aurreikuspenak. Datuok agerian uzten dutenez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bihar izanen da elurra egiteko aukera gehien. Kota 400 eta 500 metro artean izanen da.

Jarraitu kontakizuna hemen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!