Denbora luzez prestatu eta final-laurdenen aurretik bere burua mimatzea izan du garaipena lortzeko giltza Haritz Mujika bertsolariak (Asteasu, Gipuzkoa, 1995). Baita emaitza eman ere; igandean Gasteizko saioa irabazita zuzenean lortu baitu finalaurrekoetara pasatzea. Oholtza gainean egoten asmatu zuen, eta horrek lagundu zion, hain justu, egin nahi zuena egitetik gertu egoten.
Igandeko saioa irabazita, nola sentitzen zara?
Nekatuta. Igande gauean ohera sartu nintzenean baino nekatuago esnatu nintzen atzo. Saioa ez nuen tentsio handiz bizi izan, baina txapelketak beti sortzen du kezka bat; bai bezperak eta baita egunak berak ere. Horiek denak ondo kudeatu nituen arren, nekea nabaritzen dut. Hala ere, lo gutxi egin izana justifikatzeko arrazoi ona da hau [barrez]. Herriko festak bukatzen direnean errekuperatzeko beharra sentitzen da, ba? Ba, horrelaxe sentitzen naiz.
Eta oholtza gainean zer moduz sentitu zinen?
Ondo. Batez ere, oholtzan egoteko moduarekin egon nahi nuen ondo. Uste dut ondo egon izanaren emaitza izan zela bertsotan egindakoa. Pare bat irristada ere izan nituen tartean, baina ingurukoek esan zidaten ez zirela jabetu eta ondo libratu nituela.
695,5 puntu lortuta izan zinen garaile. Zure saio puntuagarriak amaitzerako, espero zenuen?
Oholtzatik, betiere, saioa distortsionatuta entzuten dugu bertsolariok. Ez ditugu bertsoaldi guztiak entzuten. Batzuetan, deskonektatu egiten dugu geure buruarekin lan egiteko. Nik sumatzen nuen ondo ari nintzela; nik egin nahi nuena egitetik hurbil.