BERTSOAK

Belarri musikatuak

Erabiltzailearen aurpegia Jexux Mari Irazu 2022ko abu. 6a, 11:58

Jexux Mari Irazu (Larraul, Gipuzkoa, 1972). 25 urtetik gora daramatza plazan, eta mila saiotik gora egina da. Bertsolari Txapelketa Nagusian bitan izan da finalista, eta 1997an laugarren gelditu zen. Gipuzkoako Txapelketan lau aldiz izan da finalista, eta bitan txapeldunordea.

1.

Luzeak, motzak edo zabalak

maiz mitoz elikatuak

onak, eskasak, finak ta gorrak

guztiak delikatuak

ageriko nahiz ilepekoak,

piercingez murtxikatuak...

Sonatuetan sonatuenak

belarri musikatuak.

2.

Suge txistu fin hozkalaria

edo erlauntza burrunba

ekaitz aldiko haize soinu ta,

pitido, zunbido, zunba.

Edozelango Lekeitioak

ta beste hainbat oihartzun-da

Ze ezberdina dena kanpotik

edo barrutik entzunda.

3.

Barne ahotsik ba ote nuen

kezkaz eta jakin minez

Orain atsegin ez dela eta

larri isildu ezinez

Bere hizkuntzan nabilelako

nola Txirrita latinez

unibertsoa hizketan eta

ze esan nahi didan jakin ez.

4.

Federik balitz zientzian eta

alternatiben praktikan

estimatzen da ez izatea

zeinek lagundu faltikan

denak du bere eragin ona

konfiantzaren argitan

Soinua berriz jaisten ta jaisten,

belarrian ez, patrikan.

5.

Audifonoak omen direla

zarata goxatzeko gai

zenbait pastilla lagungarriak

agudoak grabetzen, ai (sic)

akupuntura, osteopatia

yoga, energiak, zernahi

eskura izanda nola ez probatu?

Sendabelarrak ere bai!

6.

Desesperatu ta noiz joango

nor ez da borrokan jardun

tonu berean jarri artean

bihotz, belarri ta garun

bizitzarako irakaspena?

Nahiz ta ez datorren leun...

batzutan izan behar dugula

nahi ez dugunaren lagun.

7.

Zer hauspotzeko hasten da jotzen

norbere barruko gaita?

Biak aukeran, kasurikan ez

edo etxekotzat maita

horra bertsotan akufenoen

udako bertsio light-a...

Egiari zor, benetakoa

beste musika bat baita.

Doinua:

Naparruatik ardo karraio / Norteko ferrokarrila.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!