Memoria inklusiboa eraikitzeko bidean, «berri pozgarria» da EH Bilduk Espainiako Gobernuarekin Memoria Demokratikorako Legeaz adostutakoa, koalizioaren Espainiako Kongresuko bozeramaile Mertxe Aizpuruak adierazi duenez. Ezkabako gotorlekua (Nafarroa) eta Donostiako La Cumbre jauregia memoria gune bihurtzea hitzartu zuten bi aldeek, eta, hain justu, La Cumbren egin ditu adierazpenak gaur Aizpuruak. Bertan izan da Asun Lasa eta Miguel Mari Lasa Joxi Lasaren anai-arrebarekin eta Juan Karlos Izagirre EH Bilduren Gipuzkoako bozeramailearekin batera.
Jauregia Donostiako Udalaren esku geratuko da urtebeteko epean, eta eskualdatzeak «aspaldiko aldarrikapen historikoei» erantzuten diela adierazi du Aizpuruak: «iraganeko gertaerak aitortzea» eta «ahaztutako biktimei erreparazioa bermatzea». Izan ere, Gipuzkoako Gobernadore Zibilaren egoitza izan zen jauregia, eta han torturatu zituzten Joxean Lasa eta Joxi Zabala, kare bizitan lurperatu aurretik.