Maiatzaren 14an jokatu zuen azkenekoz Jokin Altunak (Amezketa, 1996). Unai Lasoren kontra galdu zuen buruz buruko finalerdia. Bi egun geroago, Aspek jakinarazi zuen aurrelariak uko egin ziola hirugarren eta laugarren postua zehazteko partida jokatzeari, mina baitzuen ezker eskuan. Hiru egun geroago, berriz, Aspek iragarri zuen ebakuntza egingo ziotela, ezker eskuko hatz erakuslean zuen nodulu bat kentzeko. 26an egin zioten ebakuntza. Ekainaren 17an zen itzultzekoa lehenbizi, eta 24an gero. Bihar itzuliko da azkenean, Mungian (Bizkaia), sanferminetako Asperen lau eta erdiko kanporaketan. Peio Etxeberria izango du aurkari.
Hilabete eta erdi pasatu ondoren, bihar jokatuko duzu berriro. Zer moduz zaude?
Hobeto. Gogor aritu gara entrenatzen arlo fisikoa; frontoian, ordea, suabe ibili gara, eskua gogortuz. Joan den ostiralean egin nuen lehen entrenamendu gogorra, eta ez nintzen gustura aritu. Eskuak egiten aritu naiz azken egunetan, eta gaur [atzo] berriro gogor entrenatu naiz. Hobeto sentitu naiz, eta jokatzea erabaki dut. Ilusioz nago; berriz hastea bezala da. Jokatu ahala joango naiz erritmoa hartuz, eta eskua ere gogortuko zait. Neure burua gai ikusten dut ondo jokatzeko, eta uste dut hobera egingo dudala. Uda aprobetxatuko dut indarberritzeko eta sasoi betean jartzeko.