Lehiaketa molde berri batek beti dakartza kezkak, ezinegonak eta aieruak. Emakumezkoen binakako sega-sail txapelketak, ordea, hasi orduko uxatu zituen guztiak. Herenegun jokatu zuten proba hori estreinako aldiz, Elorrion (Bizkaia), eta berebiziko hasiera izan du molde horretako lehen lehiaketak: sei bikote aritu ziren, eta pare bakoitzak 300 metro karratuko belazea ebaki zuen, azkartasunaren eta txukuntasunaren parametroei erreparatuta.
«Esperientzia oso polita izan da, oso-oso berezia. Almitza elkarteak antolatutako ligetan aritu gara orain artean, eta lehenengoz egin dugu halako proba bat. Gainera, oso ondo antolatuta zegoen, eta zapore oso gozoa utzi digu», esan du Luixa Uzkudunek. Hura eta Izadi Arrospide izan dira lehendabiziko txapeldunak, eta horrek ere badu berezitik: ama-alabak dira.