Txabi Etxebarrietak hil zuen Jose Pardines ETAren lehen biktima, eta Etxebarrieta bera izan zen erakunde armatuko lehen hildakoa. 1968ko ekainaren 7an hil zuten Etxebarrieta, Tolosako Bentaundin (Gipuzkoa), eta, bertsio ofizialaren arabera, guardia zibilen eta etakideen arteko tiroketa batean hil zuten. Aranzadi zientzia elkarteak eta EHUk egindako ikerketak bertzela ondorioztatu dute, ordea. Gaur aurkeztu dituzte egin duten txostenaren ondorioak, eta hala erran du Eneko Etxeberria EHUko zuzenbide prozesaleko irakasleak: «Istilua egon bazen ere, ezerk ez du esplikatzen Etxebarrietak bizkarrean jaso zuen tiroa. Ondorioz, litekeena da Etxebarrieta exekuzio estrajudizial baten biktima izatea».