T3T eta T2T mendi lasterketak 2022

Irrikaz daude aukera baliatzeko

Erabiltzailearen aurpegia Unai Ugartemendia 2022ko eka. 7a, 11:18

Pkemboi eta Kiptanui, Iker Karrera mendiko korrikalariarekin eta IƱaki Insausti Tolosaldeko Hiru Tontorrak probaren antolatzailearekin. Unai Ugartemendia

Zegama-Aizkorrin aritu ziren Kenyako lau korrikalarietako bik Tolosaldeko Hiru Tontorrak proban parte hartuko dute igandean. Robert Pkemboik eta Matthew Kiptanuik lehen garaipena eman nahi diote beren herrialdeari mendi lasterketetan. Egunak daramatzate Tolosan, egokitzen.

Zegamako (Gipuzkoa) elizako erlojuak 12:48 markatzen zuen Robert Pkemboik (Kapenguria, Kenya, 1995) helmuga zeharkatu zuenean. Matthew Kiptanui (Eldoret, Kenya, 1989) izan zen helmugara iritsi zen bigarren kenyarra, handik lau minutura. Biek ia hogei egun zeramatzaten Aizkorri magalean dagoen Arrieta Haundi landetxean. Baina ez ziren haiek Octavio Perez entrenatzaile kataluniarraren gidaritzapean Euskal Herrira etorri ziren Kenyako atleta bakarrak. Haiekin batera, Reuben Narry eta Ben Kimtai ere etorri ziren. Kimtai bigarrenez aritu zen Euskal Herrian; iaz, Gorbeia Suzien lasterketan lehiatu zen; Zeanurin (Bizkaia) jokatzen da lasterketa hori.

Lau kenyarren parte hartzeak ikusmin handia sortu zuen Zegama-Aizkorri jokatu aurreko egunetan. Batzuen ustez, lehen postuetan sailkatuko ziren; beste askok, ordea, ez zuten sinisten horretarako aukera izango zutenik. Azken horien artean, esperientzia falta zen argudiorik garrantzitsuena. Aizkorriko gailurrerian aukera guztiak galduko zituztela sinistuta, ez zituzten ikusten lehen hamarren artean.

Lasterketaren egunean, ordea, eta eguraldia lagun, beren mailarik onentsuena erakutsi zuten. Irten orduko, lehen postuetan jarri ziren. Kilometroak aurrera joan ahala, postu batzuk atzerago geratu ziren arren, helmugaratu ziren hiru kenyarrak lehen hamabien artean sailkatu ziren; Narryk lasterketa utzi zuen, orkatilako minez baitzegoen.

Zegama-Aizkorrin lortutako postuek aukera eman diete Pkemboiri eta Kiptanuiri ekainaren 26an Chamonixen (Frantzian) jokatuko den Golden Trail Seriesetako bigarren proban aritzeko. Lehen hamarretan sailkatuta, ez dituzte ordaindu behar hurrengo lasterketetarako bidaia eta izen ematea. Kimtaik eta Narryk Kenyara itzuli behar izan zuten. Baina kontua ez zen Zegaman amaitu. T3T Tolosaldeko Hiru Tontorrak maratoiaren antolatzaileek 24 orduan hartutako erabaki baten ondorioz, eta Tolosako Udalaren eta Otsabio enpresaren ezinbesteko laguntzarekin, igande honetan Tolosan jokatuko den proban egoteko aukera eskaini zieten bi kenyarrei. Chamonixera joan aurretik hilabeteko tartea zegoela baliatuz, beste astebeteko egonaldia egitea eskaini zieten. Ez zioten muzin egin ideiari, eta Zegama-Aizkorriren biharamunean Tolosarako bidean ziren.

Jarraitu irakurtzen Berrian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!