Egunotako sargoritik babesteko, haima itxurako estalpe batzuk jarri dituzte. Langile batzuk han dabiltza, atseden hartzen, karta jokoan; beste batzuk, berriz, jo eta su, egunotako mobilizazioak prestatzen. Beren aldarrikapenak jasotzen dituzten pankartekin itxi dituzte lantegiko sarrerak. Adunako Irizar E-mobilityn (Gipuzkoa) bi aste daramatzate greba mugagabean, lan itun berri baten alde. Ordutik, zuzendaritzaren deirik ez dutela jaso diote langile batzordeko kideek —zortzi ordezkari ditu LABek, eta bakarra ELAk—. Ekoizpena «erabat geldirik» dago; egunero autobus elektriko bat ateratzen zen handik, jardun betean ari ziren, eta aurreikuspenak ere oso onak ziren: hurrengo urterako, bi egunero.
Orain, batzuen eta besteen zalantza nagusia da zenbat denbora eutsiko dioten horrela. Denak galduan ateratzen diren egoera batean daude, eta langileek diote «denek irabazten» duten batera pasatu nahi dutela. «Zuzendaritza ere kezkatuta dago egoerarekin, baina ez dute gurekin hitz egiten. Gu ez gara soldata igoerak eskatzen ari: lan baldintzak hobetu eta finkatu nahi ditugu», laburbildu du Unai Goikoetxeak, langile batzordeko bozeramaileak. Greba abiatu zutenetik, protesta ugari antolatu dituzte; Buruntzaldeko eragile politiko eta sozialekin bildu dira; erresistentzia kutxa bat sortu dute; eta larunbat arratsaldean manifestazioa egingo dute Andoainen.
Atzo Villabonan izan ziren Irizar e-mobility-ko langileak Onddo gazte asanbladak gonbidatuta, herriko gaztetxean. Eta gaur, Villabonan bertan, Berdura plazan, gaiaren inguruko beste mahai inguru bat egingo dute, 19:00etatik aurrera:
#Villabona | MAHAINGURUA
— Tolosaldeko GKS (@GKS_Tolosaldea) May 10, 2022
🎤 Ostiral honetan mahaingurua egingo dugu Villabonako Berdura plazan Irizarko langileen azken asteetako borrokaren inguruan.
👉 Bertan izango ditugu gurekin @IrizarBorrokan |ko eta @tolosaldekoLAS |ko kideak ere.
Anima zaitezte! pic.twitter.com/1USTOBHJOL