Miren Gonzalez Goikoetxearen (Tolosa, Gipuzkoa, 1973) abstrakzioak kukutu dezakeen zehaztasun mugagabea du. Bakar baten hauskortasunak eta troparen indarrak talka egiten dute harmonia koloretsuan. Zapart kolektiboaren parte da artista, eta Ber erakusketa paratu du Uztaritzeko (Lapurdi) Ttok galerian, uztailaren 4a arte.
Berretsi duzu badakizula zeure burua birziklatzen.
Oso garrantzitsua zait birziklatzea, hala artean nola bizitzan: gustatzen zait beste bizitza bat ematea, bigarren eskuko gauzak janztea, erabiltzea...
Erakusketarako zure bizitzako zenbat zati bateratu dituzu?
Hiru. 2014tik 2017ra bitartean, hizkuntza plastiko ezberdinak nahasten saiatu nintzen koadro bidimentsionaletan. Hemen, plano ezberdinak ikusten dira: lehena berdea da, bigarrena bola, azkenekoa hondoa... Estudioan beti badira soberakinak; ba, zati horiek hartuta hasi nintzen probak egiten. Begira, koaderno honetan ikus daitezke: utzitako zatiak moztu eta landu.
Azkenean, collage fisikoarekin egitea iruditu zitzaidan egokiena. Beraz, nire obraren parte handi bat transformatzen bukatu nuen: mozten, kolatzen, grapatzen... Emaitza hau gustatu zitzaidan, iraunkorra eta txukuna. Zati bakoitzak iltze bat dauka, baina ez dira ikusten, eta hori gustatzen zait, ez baita ikusten zer min egin zaion. Eta bata bestearen gainean iltzatzeak bolumena ematen dio. Ikerketa bat izan da, hiru urtekoa. Modurik sinpleenean hasita, urdin hauekin, adibidez, borobilean, eta, gero, intentzio jakinagoekin bideak eginez.