ELA eta LAB sindikatuek bakoitzak bere aldetik egin dute grebarako deia. Justu hilaren 19a hautatu dute greba egiteko, eta badu esanahi berezia egun horrek; izan ere, hilaren 20an elkartuko da berriro negoziazio mahaia. ELA sindikatuaren aburuz, «esku hutsik» joan zen patronala atzo egin zuten bilkurara, eta horregatik egin dute orain grebarako deia. «Izan ere, patronalaren borondate falta begien bistan geratu da, lotsagarria da», salatu dute ELAko ordezkariek, gaur goizean egin duten agerraldi batean. Areago, esan dute hurrengo negoziazio mahaian patronalak jarrera berean jarraitzen badu mahaia uzteko asmoa dutela. LAB sindikatuak ohar baten bidez egin du grebarako deia; eskatu die patronalei negoziazio mahaia ez «blokeatzeko» eta aurrera egiteko oinarriak ipintzeko: «Edukiez hitz egiten hasteko momentua den honetan, borondateetatik harago, proposamen zehatzak mahai gainean jarri beharko dira».