Arretaz prestatu du Iñaki Artolak (Alegia, 1994) buruz buruko txapelketa. Gimnasioan lan egitea dagokio oraingoan, nahiz eta frontoian zertxobait aritzeko asmoa ere baduen. Aterkia eskuan eta motxila bizkarrean azaldu da, beti bezain irribarretsu. Ia urtebete igaro da buruz buruko txapelketako finalerdietan Beñat Rezusta menderatu eta finala jokatzeko sailkatu zenetik. Orduan galdu zuen, tarte batez bada ere, irribarrea, eskuineko sorbaldaren atzealdeko gihar zabalean lesioa izan eta uko egin behar izan ziolako bere ibilbideko lehen final handia jokatzeari: «Pena sentsazioa izan arren, ez nuen drama baten gisa bizi izan». Final-laurdenetako ligaxkan ekingo dio orain Alegiako aurrelariak txapelketari, eta Unai Laso izango du lehen kontrarioa, astelehenean, Zumaian (Gipuzkoa).
Zer moduz joan da txapelketarako prestaketa?
Prestatzeko denbora izan dut, eta, alde horretatik, ez dago aitzakiarik. Abantaila izan da denbora hori izatea, modalitate batetik bestera aldatzea beti kostatu izan zaidalako. Min hartu nuenetik buruz buru jokatu gabe nago, eta, denbora asko pasatu den arren, irudipena daukat berehalakoan igaro dela urtea. Txapelketa bat bestearekin kateatu dudala sentitzen dut, buruz buruko batetik hurrengora joan naizela. Entrenamendu asko egin izanak konfiantza ematen dit.
Lesioa izan ondotik itzuli, eta lau eta erdiko txapelketa jokatu zenuen berehala. Nola iritsi zinen txapelketa hartara?
Jokoz nahiko justu, eta kezka askorekin, bueltatu berria nengoelako. Geroztik ez dut txapelketako partidarik jokatu, bestelakoak bai, baina kostatzen ari zait min hartu aurreko maila ematea. Oraindik ez dut joko hura berreskuratu.
Binakakoan enpresak ez zintuen hautatu bikoteetako bat osatzeko. Zeharkaldi luze baten gisakoa izan al da kanpoan geratzea?
Zorionez, gehiagotan gertatu izan zait jokatzea kanpoan geratzea baino. Binakakotik kanpo geratzen zirenei entzuten nien esaten txapelketatik kanpo negua luzea zela, eta halaxe da. Profesionalak gara, eta partida guztietan gure mailarik onena eman nahi dugu, baina ez da erraza.
Jarraitu irakurtzen Berrian.