Edurne Pasabanek (Tolosa, Gipuzkoa, 1973) 2011n egin zuen azkeneko espedizioa zortzimilako batera. Hainbat urtez Pakistango eta Nepalgo gailurrik altuenak zapaldu ondoren, tolosarra 2010eko maiatzaren 17an igo zen azkeneko zortzimilakora. Hamalau zortzimilakoen zerrenda osatu ondoren, Everestera (Nepal, Himalaia, 8.848 metro) joan zen, oxigenorik gabe igotzeko asmoz. «Gauzak ez ziren denok espero bezala atera, eta, geroztik, beste behin bakarrik itzuli naiz Himalaiara. 2018an izan zen, eta hango lau emakumerekin Saipal mendira [Nepal, Himalaia, 7.031 metro] igotzea zen erronka nagusia». Ez zuen zapaldu gailurra, baina ez zen hori helburua, hango emakumeek gizartean pairatzen duten ezberdintasuna bistaratzea baizik.
Iker Madoz alpinista gazteak (Iruñea, 1993) zortzi urte besterik ez zituen Pasaban lehen aldiz zortzimilako batera igo zenean: Everestera, 2001ean. Belaunaldi berrietako alpinistarik esanguratsuena da Madoz, baina bitan besterik ez da egon Himalaian eta Pakistanen. «Indian ere egon naiz. 2018an joan nintzen Pakistanera aurrenekoz, Gasherbrum IVra [Pakistan, Karakorum, 7.925 metro] igotzeko asmoarekin, baina ez genuen gauza handirik egin. Oriol Barorekin, Roger Cararachekin eta Marc Torallesekin joan nintzen. Eskaladako bidaia bat izan zen espedizio bidaia bat baino gehiago. Bi seimilakotara igo ginen, behintzat».
Pakistanen izandako estreinako hark jarraipena izan zuen iaz. Espainiako alpinismo selekzioarekin joan zen Dorje Lhakpa mendira (Nepal, Himalaia, 6.966 metro), eta gailurra zapaldu zuen Mikel Zabalzarekin eta Mikel Inorizarekin batera. Bide berri bat ireki zuten hegoaldeko aurpegitik, eta estilo alpinoan egin zuten igoera: «Ez ginen altuera bila joan, eskaladako bide berrien bila baizik».
Lehen traba, dirua
Euskal Herrian zortzimilakoek azken urteetan izan duten bilakaeraren bi aurpegi dira Pasaban eta Madoz. Lehenak urterik onenak harrapatu zituen; bigarrenak, berriz, goi mendien masifikazioa ezagutu du. Baina badira arrazoi gehiago Himalaiako eta Karakorumeko mendirik altuenetara ez joateko: dirua da horietako bat. «Iaz, Dorje Lhapkan egon nintzenean, Shisha Pangma genuen aurrez aurre (Txina, Himalaia, 8.013 metro). Han geundela, askotan komentatzen genuen agian noizbait hara joateko ahalegina egin genezakeela. Inoiz ez dut aukerarik izan zortzimilako batera joateko. Halere, dirua da hara joateko atzera botatzen nauen arrazoi nagusia. Izugarrizko aurrekontua behar da, eta jende guztiak egiten dituen gauzak egiteko ere ez daukat inolako beharrik».
Jarraitu irakurtzen Berrian.