Elkarrizketa

«Ikastetxe guztiek jasoko dute beren eremuan dagoen errealitatearen ardura bat»

Erabiltzailearen aurpegia Irati Urdalleta Lete - Arantxa Iraola 2022ko api. 14a, 12:00
BERRIA.EUS / JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Hezkuntza Legearen ernamuin izango den akordioan onetsi direnak «oso aproposak» direla uste du Bildarratzek. «XXI. mendeko» erronkei erantzuten lagunduko dutela uste du, eta hezkuntzaren bidez «gizarte kohesioa» trinkotzeko zimenduak ere badirela bertan.

Hezkuntza Legea ontze aldera Eusko Legebiltzarrak onetsi duen hezkuntza itunari buruzko «zumeen» ingurukoa izan da lehen galdera, eta gogo onez hartu du metafora Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratzek (Tolosa, Gipuzkoa, 1963). «Aproposa» deritzo «zumeari», haren ezaugarriei: «Alde batetik, sendotasuna du, baina, aldi berean, malgutasuna ere bai». Biak beharrezkotzat ditu. Baina pozik da, oro har, Eusko Legebiltzarretik jaso duten agiriaren edukiekin: «oso aproposak» direla uste du. Goresgarritzat du horien inguruan lortu den «adostasun zabala» ere. Izan ere, irudi ezohikoa lortu da: EAJk, EH Bilduk, Elkarrekin Podemos-IUk eta PSE-EEk onetsi dute ituna. «XXI. mendeari begira» ariko den hezkuntza sistema bat ontze aldera, ezinbestekoa iruditzen zaio batasun hori. Erronkak handiak baitira, eta sakonekoak: «Gizarte kohesioan egin beharreko ariketa guztietan hezkuntza sistemak ere nolabaiteko ardura bat izan behar du».

Negoziazioak azkenera arte luzatu ziren. Inoiz pentsatu zenuen itunik ez zela egongo?

Beti pentsatu nuen akordioa egongo zela. Ni negoziazio askotan egon naiz, eta beti azken momentura arte hainbat gauza ez dira konpontzen.

Eta egon zen askatzen zaila izan zen korapiloren bat?

Ez. Jende askok aipatu du euskararen gaia, baina uste dut ez dela bereziki gai eztabaidatsurik egon. Oinarriak aurkeztu zirenean, hainbat alderdik eskatu zuten oinarri orokorrez gain neurri zehatzak ere jartzeko. Hurrengo hamabi urteetarako neurri zehatzak daude, garatu beharko direnak.

Segregazioa arazo bat al da?

Errealitate bat da. Leku ezberdinetan, era ezberdinetan, eta arrazoi ezberdinengatik: ez dago segregazio bat. Izan daiteke jatorriaren arabera egindako segregazio bat eta hizkuntzak eragindako beste bat. Akordioan ahuldadeak gainditzeko bideak jarri dira, eta sistemak erantzun beharko die egoera horiei. Gure konpromisoa da 2023ko ikasturtean neurri horiek ezartzen hastea.

Zer egin da gaizki segregazio horiek gertatzeko?

Ez da gaizki zer egin den. Askotan, errealitateak ekartzen gaitu egoera batera. Adibidez, izan ditzakegu bi ikastetxe titulartasun berekoak, hamar metrora, eta errealitate oso ezberdinak izan, bakoitzak baduelako historia bat, iragan bat. Tokatzen zaigu, diagnostikoa egiteaz gain, gainditzea. Gizarte akordio bat bultzatu nahi dugu, horren aurka aritzeko. Ez da erraza izango, hainbat neurri hartzera bultzatuko gaituelako: muga eta marko batzuk jarri beharko dira.

Non espero dituzue zailtasun handienak? Erresistentziarik espero duzue?

Egin behar dugun sistemak bidezkoa izan behar du. Hainbat neurri daude: adibidez, matrikula. Asmoa da herri edo zonako matrikulazio esparruak izatea. Gurasoak ez dira ikastetxera joango, baizik eta matrikula egiteko toki batera. Irizpide batzuk egongo dira ikasleen onarpenerako.

Nola lehenetsi sare publikoa itunpekoa hain indartsua bada?

Eskola publikoa izango da ardatz nagusia; gure programan eta legebiltzarrak onartutako konpromisoan dago. Ikasleen banaketa honela da: publikoetan %51 eta itunpekoetan %49. Publikoko inbertsioak %63 hartzen du, eta itunpekokoak, %37. Nola lehenesten da sare publikoa? Hor datu bat.

Jarraitu irakurtzen Berria.eus webgunean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!