Isobaren mapei arretaz begira

Erabiltzailearen aurpegia Miren Mujika Telleria 2022ko api. 6a, 11:18

Asko dira sare sozialetan eguraldia iragartzen dutenak: inolako diru asmorik gabe, zaletasun hutsez, isobarei begira egon, eguraldia aztertu, eta horren berri ematen dute. Hala ibiltzen dira Jonathan Lopez, Iker Ibarluzea, Mensegal Baz eta Joseba Ona, eta «oso gustura» ematen diete eguraldiaren berri euren jarraitzaileei.

Denbora da eguraldiari begira bizi dela Ibarrako Iker Ibarluzea. Naiz irratian eta Tolosaldeko Atarian ematen du egunero eguraldiaren berri, eta baita bere Twitter kontuan ere. Hiru milatik gora jarraitzaile ditu @ibarrameteo kontuan, eta egunero egiten die horiei guztiei eguraldiaren abisu. Eta baita haiek Ibarluzeari galdetu ere. Are gehiago orain, Korrika Euskal Herria zeharkatzen ari den honetan: «Ostiralean oraingoz zer eguraldi, Iker? Ordiziatik orduan pasatuko baita Korrika». Hartu-eman bat da, azken batean.

«Txiki-txikitatik datorkidan afizio bat da eguraldiarena». Hala azaldu du Ibarluzeak. «5 edo 6 urte nituenean hasi nintzen Euskal Telebistan eguraldia ematen zutenean arretaz begiratzen eta entzuten. Orduan sortu zitzaidan meteorologia edo eguraldi kontuei buruzko jakin-min hori». Hala ere, koskortu zenean hasi zen «zeruari begira bizitzen», 13 edo14 bat urterekin: «Nerabezaroan hasi nintzen eguraldi iragarpenak begiratzen eta aztertzen».

Gaur egun, egunero ematen du eguraldiaren berri Ibarluzeak Twitter bidez. Zenbat gradu izango diren, tantaren bat eroriko ote den, zerua estalita edo oskarbi egongo den, eta baita haizeak nondik joko duen ere; xehetasun guztiekin kontatzen du berak. «Uste dut informatzeko tresna ona dela Twitter, ondo erabiltzen bada, noski». Zaletasun hutsez egiten du, gainera. Izan ere, meteorologiako masterra egin zuen, baina geografia ikasi zuen. Dena den, gaur egun gustuko du jendea eguraldiaz informatzea: «Irabazi asmorik gabe baina oso gustura egiten ditut eguraldi iragarpenak, informazio hori guztia eskuragarri izan dezan jendeak».

Iragarpenak egiteko, Meteociel webguneko eredu meteorologikoetan begiratzen du, oro har; eta horiei interpretazio bat ematea du pasio. «Pare bat formula erabiltzen ditut egoera nahasiagoa den garaietarako». Ezin da, ordea, egunero asmatu zer eguraldi egingo duen, eta Ibarluzeak badu erantzun bat horretarako: «Guk nahiko garbi utzi izan dugu beti eguraldi iragarpena aurreikuspen huts bat dela, azken finean. Hau da, ez da zientzia zehatz bat; eta jendeak ulertzen du hori».

Jarraitu irakurtzen Berrian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!