Altuna III _ Binakako Finala 2022

Gakoa aurrean egongo da

Erabiltzailearen aurpegia Xabi Tolosa - Aspeko pilotaria 2022ko api. 3a, 12:00

Txapelketa hasi zenean finala jokatuko zuten bikoteez galdetu izan balidate, ez nuen aipatuko gaur ariko diren bi bikoteetako bat bera ere. Elezkano-Zabaleta eta Irribarria-Rezusta aipatuko nituzke. Zergatik? Zabaletak eta Rezustak sekulako erritmoa ezartzen dute, eta haiek osatutako bikoteek derrigor izan behar dute hautagai sendoak. Beraz, ezustekoa izan da ez bata ez bestea ez iristea finalera.

Sendo aritu beharra dago finalera iristeko, eta oso sendo aritu dira bai Jokin eta bai Julen, baita Laso eta Imaz ere. Bi aurrelariek sekulako maila eman dute. Oso zaila da haiei aurre egitea, aukera txikiena aprobetxatzen baitute tantoa oso azkar egiteko. Bi atzelariak, berriz, sendo aritu dira. Ez dira jotzaile handiak, baina bai oso seguruak: oso pilota gutxi galtzen dute, eta oso ondo eusten diote partidari. Bikote bakoitzak du berezitasunen bat: Jokinek eta Julenek asko gogortzen dituzte partidak, opari gutxi egiten dituzte, eta erraz bukatzen dute. Laso eta Imaz, berriz, elektrikoagoak dira; txispa handiagoa dute.

Estu dago dena, baina finalak jokatzen jakin behar da, eta Jokinek sekulako eskarmentua du; Julenek, berriz, bigarrena du. Horrek lasaitasuna ematen du, eta garrantzitsua da hori. Baita bete-betean hastea ere. Gaizki hasiz gero, oso zaila da buelta ematea; ez dago astirik. Nire ustez, bi atzelariak oso sendo ariko dira; beraz, aurrean egongo da gakoa. Bilboko frontoia ez da oso egokia erasora jokatzeko, eta hori ere aintzat hartu beharra dago.

Ez dago esan beharrik nork nahi dudan irabaztea: enpresakideak dira Jokin eta Julen, eta azkenaldian haiekin entrenatu naiz Bilbon. Onena opa diet. Etxean ikusiko dut finala. Ea partida polita ateratzen den, eta Jokinek eta Julenek txapela ekartzen duten.

Berria.eus-en argitaratutako Xabi Tolosa Aspeko pilotari anoetarraren iritzia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!