ELKARRIZKETA

«Hegemoniak esaten dizunari kontra egiteko indarrak behar dira»

Erabiltzailearen aurpegia Maddi Ane Txoperena Iribarren 2022ko mar. 27a, 11:02

Euskara erabiltzeko gakoetako bat ahalduntzea da, Imanol Artola Arretxe 'Felix'-en ustez. Horretarako hainbat talde dituzte martxan Tolosaldean: «Besteen ezinak ikusita, nork bereak uler ditzake».

Imanol Artola Arretxe Felix-ek (Amezketa, Gipuzkoa, 1989) hurbiletik so egiten dio mugimendu feministaren lanari, ondotik euskararen aktibaziorako ideiak hartzeko: «Ez zait iruditzen guztiz berdina denik, baina gauza dezente har genitzake». Horiek Tolosaldeko Galtzaundi elkarteak antolaturiko proiektuetan aplikatzen saiatzen da: ahalduntzea eta taldearen zaintza, erraterako.

Euskararen erabilera sustatzeko bi proiektu dituzte martxan orain, ezaugarri horietan oinarrituta: Anoetako herritarrekin bata, Tolosaldeko gazteekin bertzea (Gipuzkoa). Leku horietan euskararen egoera hagitz txarra ez izan arren: «Ezin dugu itxaron egoera kezkagarria izan arte».

Euskaldunen ahalduntze talde bat jarriko duzue martxan heldu den astean Anoetan. Zer da?

Arreta besteengan jarri partez zure erabileran jartzera bultzatzen zaituen talde bat izango da, Hiznet graduondoko sakontze egitasmotik abiatutakoa. Euskaraldiak esaten digu hizkuntza ohiturak aldatu behar ditugula, baina ez gara ari hainbeste esaten nola egin behar den hori, edo zer zailtasun dituen. Hor atzean badaude gauza asko: TELP tailerrek-eta erakusten digute [Eremu Linguistiko Pertsonalerako Tailerra].

Baina zuena ez da TELP tailer bat.

Tolosaldean eta beste herri askotan udalak txikiak dira, eta TELP tailerrek kostu bat dute. Hemen planteamendua da: posible al da euskaltzaleok batuz eta teoria minimo bat emanez norbanakoak ahalduntzea?

Eta zein da erantzuna?

Aurretik egin nuen ikerketan, ikusten zen oso eduki gutxi emanez baina elkar entzunez eta bestearen ezinak ikusita, nork bereak uler ditzakeela. Hau da, nik, nire gauzak kontatzen ari naizenean, sastraka itxi baten barruan ikusten dut neure burua, baina, zu kontatzen hasten bazara zerbait, ja nik seguru asko beste begirada batetik ikusiko dut. Ez diogu elkarri zuzentzen, baizik eta, besteari entzunez, nork bere buruari aplikatzen diogu. Dezente laguntzen du horrek.

Tolosaldean euskararen kaleko erabilera %60,4koa da. Hainbertzeko beharra dago?

Bai. Noski, beste herri edo hiri erdaldunagoekin konparatuz leku pribilegiatu batean bizi gara, baina azken datuek ere esan dute arnasguneetan erabilera behera doala. Eta anoetar batek edo amezketar batek han lo egiten du, baina ikusi behar da bizitza non egiten duen, lankideak nongoak dituen... Gero eta denbora gutxiago pasatzen dugu herrietan.

Estres linguistikoa badago, orduan?

Nik egunerokoan apenas hitz egiten dudan gazteleraz, oso gutxitan nago behartua, baina horrek ez du kentzen horrelako gertaera bat dagoenean sentitzen dudana. Batek hogei esperientzia txar edukiko ditu, beste batek bakarra, baina bakar horretan segun eta nola pasatu duen, egoera hori etortzen bazaio burura, kito: zure burua blokeatzen duzu.

Ahalduntze taldeak zer ezberdintasun du TELP tailerrekin?

Batez ere, ez dela aditurik egongo: nik gidatuko ditut. Baina, eduki teorikoa ematea baino gehiago, haiei hitz egiten uztea da, taldea goxatzea, eta neronek ahalik eta interbentziorik txikiena egitea, helburua litzatekeelako etorkizun ertain batean hau zabaltzea euskara elkarteetan; funtzionatzen baldin badu, noski.

Hala izanen dela uste duzu?

Ikerketak hala esan zuen: lehenengo astean bakoitzak zeukan diskurtsoaren eta azkeneko astean eduki zuenaren artean dezenteko diferentzia zegoen.

Metodologia bera erabil daiteke Anoetan, Iruñean eta Maulen?

Bai. Inguru batean edo bestean egon, emozioak antzekoak dira.

Gazteekin ere martxan duzue proiektu bat Tolosaldeko ikastetxe guztietan. Zertan datza?

Euskaraldiaren filosofiarekin bat egiten du: ahobizi batzuk izendatzen dira, edo eusle batzuk, hizkuntzari eusten diotenak. Euskaraldiarekin daukan diferentzia da nahi duen guztiak ez duela parte hartzen. Gela bakoitzean ikasleek lau eusle aukeratzen dituzte, eta haien zeregina da eskola eremura sartzen direnetik irteten diren arte euskaraz jardutea.

Jarraitu irakurtzen Berria.eus webgunean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!