Hego Euskal Herriko zenbait plataformak bat egin dute «herritarren osasun beharrei erantzungo dien osasun sistema publiko, unibertsal eta kalitatezkoaren alde», eta dei egin dute apirilaren 2an eta 3an egingo dituzten mobilizazioetan parte hartzera: «Gaur, inoiz baino gutxiago dira onargarriak gobernu batzuek osasunerako baliabide ekonomikorik ez izatearen inguruko betiko aitzakiak».
Leioan Bizi, Donostialdea Osasun Publikoaren Alde, Izartu Mungialdea, Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde, Osasun Publikoa Aurrera-Gasteiz, Gora Deustu, Nafarroa, Erandio Herri Plataforma eta Osasun Publikoa Aurrera-Algorta plataformek adierazi dute herritarren osasun beharrei erantzuteko arazoak COVID-19ak eragindako pandemiatik haratago doazela, eta horiei erantzuteko neurriak eskatu dituzte; besteak beste, aurrez aurreko arreta bermatzea, itxaron zerrendak murriztea, gaixotasun kronikoak dituztenen etengabeko arreta eta prozesu larrien diagnostiko goiztiarra hobetzera bideratutako urratsak.