Bizipox zahar etxean, mahaiaren bueltan eserita daude Kontxi, Rosita, Arantza, Karmen, Jesus, Joxeinazio, eta Gergori eta Gorgori anaia bikiak. Javiertxok eman dio hasiera bilkurari, berak gidatzen baitu irakurle taldea. Errauskiñe izan dute irakurgai, eta hari buruz hizketan hasi dira, baina segituan joan dira hizketagaiak ugarituz, denetariko komentarioak kateatuz, gogoetak eta eztabaidagaiak aniztuz. Solasaldi horiek dira Bizipox eleberriaren ardatza, Karlos Linazasorok umore tonu desberdinak baliatuz idatzi eta Elkar argitaletxeak plazaratu berri duena.
Nobela laburra da Linazasororen azkena. «Liburua ez da nobela batera iristen; ipuin luze bat da, edo akaso gehiago ikusten dut antzerki baten hezurdura edo gidoi bezala; aproposa ikusten dut antzerki bat osatzeko, dena espazio oso itxi batean gertatzen baita», azaldu du egileak. Egoitzako adinekoak dira protagonistak, irakurle kluba osatzeko bildu direnak. «Oso klub berezia da, bertan bizi diren zaharrak ere oso bereziak direlako. Kontua da badaramatela bolada bat nahiko triste, eta Javiertxori esan diote zaharrei alaitasun pixka bat emateko». Hala, «terapia bat» antolatuko du gidariak. Hortik aurrera gertatzen direnei buruz, baina, ezin duela askoz gehiago aurreratu adierazi du Linazasorok, istorioa «sorpresaz beteta» baitago. Baina eman du zantzuren bat. «Liburuan ezer ez da dirudiena; ezin ditut sorpresa horiek kontatu, baina gauza batek itxura bat izan dezake eta gero justu beste gauza bat izan daiteke». Istorioaren bukaeran ere bada ezusterik, iragarri duenez. «Normalean bukaera ireki bat uztea gustatzen zait, baina hemen borobildu egiten da».