Elkarrizketa

«Pello Mari Otaño ahanzturatik ateratzea da nire asmoa»

Erabiltzailearen aurpegia Olatz Enzunza Mallona 2022ko ots. 15a, 10:18
Iturria: Jagoba Manterola/FOKU

Pello Mari Otaño bertsolariaren bizitzako azken urteak jasoko ditu 'Ombuaren itzala' filmak. Patxi Bisquert zizurkildarraren Eguzki Art Zinema ekoiztetxeak egingo du, eta auzolanean finantzatzea da asmoa.

Aspalditik ari da Patxi Bisquert (Zizurkil, 1952) Ombuaren itzala filma ondu nahian. Pello Mari Otaño (1857-1910) bertsolariaren memoria eta lana zaintzea, gordetzea eta gizarteratzea da asmoa, haren iritziz, «bakana» izan zelako. Otañoren bizitzako azken urteak kontatuko ditu filmak, 1890eko uztailean bigarrenez Euskal Herrira itzuli zenetik 1910ean Argentinan hil bitarteko urteak. Bisquert buru duen Eguzki Art Zinema ekoiztetxearen egitasmoa da, eta datorren urterako prest izatea aurreikusten dute.

Nolatan sortu zitzaizun Otañori buruzko film bat egiteko ideia?

Urte dezente igaro dira dagoeneko Koldo Izagirreri testua idazteko proposamena egin nionetik, dozena bat inguru. Otañorenganako maitasuna betidanik sentitu izan dut, oso pertsonaia interesgarria dela iruditzen zait. Gainera, txikitatik egon izan da presente nire bizitzan: amaren bi lehengusu, Martzelino deiturikoak, bertsolariak ziren, eta eztarria berotzeko Otañoren koplak abesten zituzten. Nik neuk ere garai hartan ikasi nituen kopla horiek, eta elkarrekin abesten genituen. Gerora, helduago nintzenean, haren bizitzari buruz gehiago irakurtzen hasi nintzen, eta konturatu nintzen hor bazegoela istorio polit bat. Hau da, merezi zuela Otañori buruzko zerbait egitea.

Nor izan zen Pello Mari Otaño?

Bere garaiko pertsonaiarik garrantzitsuenetarikoa izan zen gure kulturan, eta ez soilik bertsolari izateagatik. Otañok bazuen beste ezaugarri bat: garai hartan bertso munduan zebilen jende gehiena karlista zen, eta hau liberala. Ez zen arruntena giro horretan. Horrek ere badu bere xarma, ez? Liberala zen, baina baita foruzalea ere. Hortaz, 1876an, foruen desagertzearekin batera, Argentinara emigratu zuen lehenengoz. Aurpegi askoko gizona zen, zalantzarik gabe.

Jarraitu irakurtzen Berria.eus webgunean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!