Ate joka daude

Erabiltzailearen aurpegia Unai Ugartemendia 2022ko urt. 6a, 15:00

Pekingo Neguko Olinpiar Jokoak hasteko falta diren egunak kontatzen dituen erlojua, eta ekitaldiaren afixa, Txinako hiriburuan. BERRIA.EUS / WU HONG / EFE

Hilabete eskas falta da Pekingo Neguko Olinpiar Jokoak has daitezen. Han aritzeko lanean ari dira zenbait euskal kirolari. Batzuk sailkatuta daude, eta beste batzuk saiatzen ari dira.

Gero eta gutxiago falta da, hilabete eskas besterik ez. Otsailaren 4an hasi eta hilaren 20ra bitarte jokatuko dira Pekinen XXIV. Neguko Olinpiar Jokoak. COVID-19aren pandemiak eraginda, arriskuan egon dira azken ordura arte, baina, Txinako Gobernuak egindako indarraren ondorioz, jokatu egingo dira azkenean. Baina, horretarako, segurtasun eta osasun neurri zorrotzak egongo dira.

Beste behin, munduko kirolaririk onenak lehiatuko dira. Euskal herritarrak ere ariko dira. Gaur-gaurkoz, Imanol Rojo iraupen eskiatzailea eta Lucas Egibar snowboardlaria sailkatuta daude. Alvaro Romero snowboardlaria eta Juan del Campo eskiatzailea, berriz, sailkatzeko ahaleginean ari dira. Aldiz, Oihane Otaegi eta Mikel Unanue curlingeko kirolariek jada ez dute aukerarik.

IMANOL ROJO

Iraupen eskiatzailea

«Gozatu egin nahi dut; aurrekoetan presio handiarekin aritu nintzen»

Aurreko denboraldi bikaina eta gero, indartsu ekin dio Imanol Rojo iraupen eskiatzaileak sasoiari (Tolosa, Gipuzkoa, 1990). «Oso motibatuta hasi nintzen. Iazko antzeko gauzak egiten aritu gara, baina intentsitate handiagoarekin. Iazko emaitzak ikusita, are eta indartsuago ekin nion sasoiari. Denboraldiaurrean egindako lana orain hasi naiz nabaritzen». Aurtengoa urte berezia izango da Rojorentzat. Beste kirolari askoren antzera, Olinpiar Jokoak izango dira tolosarrarentzat urteko helburu nagusia. «Olinpiar urteak oso bereziak izaten dira gu bezalako kirolarientzat. Iaz, oso ondo iritsi nintzen Munduko Txapelketara, eta aurten ere bikain iritsi nahi dut Jokoetara».

Tolosarrarentzat, haren hirugarren Olinpiar Jokoak izango dira, 2014an Sotxin (Errusia) eta 2018an Pyeongchangen (Hego Korea) lehiatu eta gero. «Nire ahaleginik handiena Olinpiar Jokoetara ahalik eta sasoirik onenean iristea izango da. Inoiz ez dut horren ondo hasi denboraldia, nahiz eta postuetan zerbait atzerago ibili. Jende asko oraindik sailkatzeko dago, eta hori asko nabaritu da orain arte jokatutako probetan». Baina, gutxinaka, hasia da berriz erritmoa hartzen, eta, esaterako, Suitza, Alemania eta Italia artean jokatu berri den biran, Munduko Kopan haren kirol ibilbideko bigarren posturik onena lortu berri du: 22. sailkatu da.

Lasterketa batzuk jokatu ditu dagoeneko, baina argi dauka aurtengo helburua. «Iaz Munduko Txapelketara iritsi nintzen baino freskoago iritsi nahiko nuke Pekinera. Iaz, txapelketa martxoan izan zen, eta ordurako lasterketa asko jokatuta nengoen». Olinpiar Jokoetan lor dezakeen emaitzak ez du batere «itsutzen», eta aurreko Olinpiar Jokoetara «presio handiarekin» joan zela ere aitortu du. Pekinen, berriz, «gozatzera» irten nahi duela azpimarratu du. «Lehenik eta behin, ohiko lasterketa batean bezala sentitu nahiko nuke. Gero, gorputzak laguntzen baldin badit, Olinpiar Joko batzuetan inoiz lortu dudan posturik onena hobetzen saiatuko naiz: 33. izan nintzen Sotxin, duela zortzi urte. Izugarria izango litzateke aurreneko hamabost-hogeiren artean sailkatzea».

Jarraitu irakurtzen Berria.eus webgunean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!