Iaz bezala, ezin izanen dituzte Bilboko eta Baionako karrikak euskal presoen eskubideen aldeko aldarri ozenez bete. Sarek gaur goizean Gasteizen egin duen agerraldi batean jakinarazi duenez, bertan behera utzi dute Bilbon egitekoa zuten urteroko manifestazio jendetsua, eta, horren partez, herrietan eginen dituzte mobilizazioak. 17:00etan izanen dira protestak, eta Bilbon bertan ere eginen dute mobilizazioa, baina soilik hirikoa.
Goizerako antolatua zuten mahai ingurua bere horretan mantenduko dutela jakinarazi du Sarek. Euskalduna Jauregian elkartuko dira ordezkari politiko, sindikal eta sozialak —heldu den astean erranen dute zehazki nork parte hartuko duen— eta ekitaldiari alde guzietako biktimek emanen diote hasiera, mahai inguru batean. Robert Manriquek, Naiara Zamarreñok, Rosa Lluchek, Maider Garciak eta Idoia Zabalzak hartuko dute hitza.