Korrikalariek ez dute korrituko berriz euskal selekzioarekin

Erabiltzailearen aurpegia Mikel O. Iribar 2021ko abe. 11a, 15:15
Argazkilaria: Sergi Colome

«Onartezintzat» jo dituzte Euskal Mendizale Federazioko zuzendaritzak hartutako erabakiak. 2021eko lasterkari guztiek sinatu dute oharra. Tartean dira, Tolosaldeko Hassan Ait Chaou billabonatarra eta Iñaki Olano altzotarra.

Mendi lasterketako korrikalari gehienek ez dute korrika egingo berriro euskal selekzioaren elastikoarekin. Hala dio 2021eko mendi lasterketetako euskal selekzioko korrikalari guztiek sinatutako oharrak. Atzo iluntzean kaleratu zuten agiria.

Duela 20 urte sortu zuten mendi korrikalariek Euskal selekzioa, Euskal Mendi Federazioaren eskutik. Euskal korrikalariak mundu osoan ibiltzea du xede, eta ofizialtasunaren aldarria egin du, «eta horretan aritu gara», gehitu dute oharrean.

«Boluntario» lanean aritzen diren hautatzaileek aukeratzen dituzte korrikalariak. 2021eko otsailean, hauteskundeak egin ziren Euskal Mendi Federazioan, eta zuzendaritza berria eratu. Oharrak dioenaren arabera, korrikalariek ez zuten sumatu aldaketa handirik, hautatzaileek egiten baitute zuzendaritzaren eta korrikalarien arteko zubi lana. «Baina hautatzaileek aitortu ziguten kezkatuta zeudela, zuzendaritza berriak lan egiteko beste modu bat zuelako», diote oharrean. Adierazi dutenez, zuzendaritzak «mespretxuz» eta «aldebakartasunez» hartutako erabakien ondorioz, hautatzaileetako batek kargua utzi zuen, eta beste batek ez zuela jarraituko esan zieten.

Hori ikusita, abenduaren 9an korrikalariak, hautatzaileak eta federazioko zuzendaritza taldea batzartu ziren. Zuzendaritza taldeak korrikalariei azaldu zien 2022ko denboraldian ez zietela eutsiko egungo hautatzaileei. «Ohar honen bidez, 2021eko euskal selekzioko korrikalariok onartezintzat jotzen ditugu Euskal Mendizale Federazioko zuzendaritza berriak hartu dituen erabakiak eta moduak, eta adierazten dugu hartu duten bidea desegokia iruditzen zaigula».

Korrikalariek mendi lasterketetako euskal selekzioa orain arte bezalakoa izateko «nahia» adierazi dute. «Mundu mailako probetan parte hartu, eta ofizialtasuna lortzeko bidean aurrerapausoak eman nahi ditugu». Baina ez dutenez aurreikusten hori horrela izango dela, korrikalari gehienek erabakirik «tamalgarriena» hartuko dutela aitortu dute: «Ez dugu korrika egingo berriro euskal selekzioaren elastikoarekin».

Jarraitu albistea Berria-n irakurtzen.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!