Bihar sartuko da indarrean COVID-19 ziurtagiriaren erabilera Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, gaueko aisialdi guneetan eta jatetxeetan, Eusko Jaurlaritzak eskatu bezala. Iñigo Urkullu lehendakariak, ordea, horren erabilera «erabili ahal den espazio guztietara» hedatu nahi dutela jakinarazi du gaur arratsaldean, ezarri berri duten osasun larrialdiaren Labi aholku batzordearen lehen bileran. Urkulluk zehaztu du, EAEko Auzitegi Nagusiari egin zion eskaeran jasotako lekuetan exijitzeaz gain, asmoa dutela, besteak beste, espazio itxi guztietan eskatzeko, batik bat, publikoa zutik badago. Baita gimnasioetan edo kirol jardueraren bat egiten den beste espazio batzuetan ere, eta ostalaritzako beste esparru batzuetan. Azkenik,ospitaletara edo zahar egoitzetara bisitan joateko ere exijitu nahi dutela adierazi du.
Gaur sartu da indarrean osasun larrialdi egoera Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Aldizkari ofizialean ziurtagiria erabiltzeko agindua bihar argitaratzen den unetik exijituko zaie herritarrei Eusko Jaurlaritzak horretarako baimena eskatu zuen tokietan: aisialdirako jarduerak eta dantzarako aukerak eskaintzen dituzten lekuetan, hala nola dantzalekuetan, musika ikuskizunak eskaintzen dituzten aretoetan, musika tabernetan eta karaokeetan. III. taldean sartutako pub eta taberna berezietan ere bai, 22:00etatik aurrera.
Jatetxeei ere eragingo die neurriak: 50 pertsonak baino gehiagok jateko lekua dutenetan eskatu beharko dute. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan azken 14 egunetako 100.000 biztanleko intzidentzia metatua 150 kasukoa baino handiagoa den bitartean eutsi nahi diote neurriari (577koa zen atzo EAEn). Establezimenduen jabeen ardura izango da bezeroek dokumentua badutela ziurtatzea, eta paperean edo formatu digitalean aurkezteko aukera egongo da.
Jarraitu hemen irakurtzen.
Sagarduik koordinatuko du Labi eta Jonan Fernandez ez da batzordean izango
Aldaketak ekarri ditu arratsaldean Labiren bilerak, eta ez soilik koronabirusaren kontrako neurriei dagokienez. Eusko Jaurlaritzak goizean jakinarazi duenez, Jonan Fernandez ez da batzorde horretan egongo, eta Gotzone Sagarduik hartu du haren lekukoa koordinatzaile lanetan. Aurreko Labin Fernandez izan zen batzordearen ordezkari nagusia, baina urrian, osasun larrialdia amaitzean, utzi egin zuen zeregin hori, eta Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren zuzendari lanetan jardun da harrezkero.
Sagarduirekin batera, ondorengo hauek osatzen dute Labi aholku batzordea: Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, Josu Erkoreka lehendakariordeak, Olatz Garamendi (Gobernantza Publikoa eta Autogobernua), Iñaki Arriola (Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioa), Jokin Bildarratz (Hezkuntza), Javier Hurtado (Turismo, Merkataritza eta Kontsumoa) eta Bingen Zupiria (Kultura eta Hizkuntz Politika) sailburuek eta Jose Luis Quintasek (Osasun sailburuordea).