Mozambiketik irten ezinda dabiltza Asier Zabaleta dantzaria eta Marian Gerrikabeitia kazetaria

Erabiltzailearen aurpegia Paulo Ostolaza 2021ko aza. 28a, 19:13

Omikron aldaera dela eta mugak itxi dituzte hainbat herrialdek, eta bihar zuten hegaldia bertan behera geratu da, gutxienez, abenduaren 15era arte: «Espainiako kontsulatuak deitu zigun esateko aireportura korrika joan eta edozein hegaldi hartu behar genuela; ez genuen lortu, ordea».

«Hegazkin konpainiak esan zigun aireratuko zela astelehenean genuen itzulerako hegazkina, baino bi ordu beranduago jakinarazi zuten hegaldi guztiak bertan behera utzi zituztela, gutxienez, abenduaren 15era arte». Asier Zabaleta dantzari gipuzkoarraren testigantza da, Maputotik bidalia, Mozambikeko hiriburutik. Herrialdetik irten ezinda daude Marian Gerrikabeitia kazetaria eta biak.

Zabaleta abuztuan joan zen lehen aldiz Mozambikera, hango dantzari batzuekin lan egitera. Gero, irailean itzuli zen Euskal Herrira, han sortutako pieza estreinatzera eta aurkeztera; eta, orain, hamar egun daramatza Mozambiken, Kinani Nazioarteko Jaialdian lana aurkezten. Egun batzuk geroago heldu zen Gerrikabeitia, Zabaletaren lanari buruzko dokumental baterako irudiak grabatzera.

Gaur dute azken lan eguna, eta bihar goizean itzultzekoak ziren Euskal Herrira, Qatar Airlines konpainiaren hegaldi batean, Dohan geldialdia eginda. Atzo, ordea, kezkatzen hasi ziren: EB Europako Batasunak eta AEBek Afrika hegoaldeko hainbat herritan jatorria duten bidaiak debekatuko zituztela iragarri zuten ostiralean. Mozambikez gain, Hegoafrika, Lesotho, Botswana, Zimbabwe, Namibia eta Eswatinirako hegaldiak utzi ditu bertan behera EBk, eta bide beretik jo zuten atzo beste hainbat herrialdek.

Besteak beste, bere hegaldi guztiak bertan behera utzi zituen TAP Air Portugal konpainiak, eta, hori ikusita, Qatar Airlinesera deitu zuten bi euskal herritarrek, baina konpaniak adierazi zien ez zutela arazorik izango. Bi ordu geroago hartu zuen Qatarrek TAPek hartutako erabaki bera.

Sartu ezinda

Orduan, Zabaletak eta Gerrikabeitiak Espainiako Kontsulatuaren deia jaso zuten: esan zieten ahalik eta azkarren joateko aireportura, eta edozein hegaldi hartzeko. Bi saiakera egin zituzten. Lehenik, TAAG Angolako hegazkin konpainiarekin: Angolan geldialdia eginda Lisboara eramango zituen hegaldi bat hartzen saiatu ziren, baina beteta zegoen jada, eta ezin izan zuten sartu.

Geroago, Ethiopian Airlinesen egin zuten proba. Addis Abeban geldialdia eginda Erromara edo Frankfurtera iristea zen helburua. Kasu horretan, ordea, pasaportea zen arazoa: Alemaniako edo Italiako herritarrek soilik zuten hegazkin horretan sartzeko baimena. Amore eman behar izan zuten bi euskal herritarrek.

Orain, ez atzera ez aurrera daude. Ez dakite noiz arte geratu beharko duten Mozambiken, eta euren helburua da Espainiako Gobernuari presio egitea eurentzako eta euren moduan dauden beste 50 lagun ingururentzako hegazkin bat ipin dezan. Eusko Jaurlaritzarekin ere jarri dira harremanetan, eta laguntzen saiatuko direla hitzeman dieten arren, azaldu diete ez dela euren eskuduntzako kontua.

Asier Zabaleta (Ezkio-Itsaso, 1972) sortzaile eta dantzariak hogei urte baino gehiago daramatza punta puntako ikuskizunak lantzen. Euskal Herriko eta nazioarteko hainbat konpainietan egin zuen lan lehenik, eta 2004an sortu zuen bere konpainia propioa: Ertza. Ordutik, Txinan, Filipinetan, Brasilen, Perun, Mexikon, Israelen... eta beste hainbat herrialdetan aurkeztu ditu bere lanak, baita sormen tailerrak eman ere. Hainbat sari ere irabazi ditu. Azken urteetan, besteak beste, 2018ko arte eszenikoen Max Saria kale ikuskizun onenagatik.

Jarraitu irakurtzen berria.eus-en.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!