Ideia abstraktu batek ez, euskal kulturgile baten kasu jakin eta gordin batek piztu zuen «lehen metxa», Miel A. Elustondok gogoan duenez. «Idazlea zen, itzultzailea, kazetaria... eta ez zeukan logela ordaintzeko lain. Logela! Ez pisua, eta hala ere. Kontua da haren egoera bertsuan bizi ginela euskararen langile autonomook». Beste askoren arazo ere izan zitekeen horrek elkartzera bultzatu zituen zenbait sortzaile. «Geure buruari laguntzeko premia gorri horretatik sortu zen Lanartea, gure lan eta bizi egoerak duintzeko helburuz». 2019an egin zuen lehen batzarra Lanartea Euskararen Langile Profesionalen Elkarteak, eta orain berri bigarrena. Diziplina desberdinetan aritu arren, arazo berak topatzen dituzte kultur sorkuntzan euskaraz aritzen diren langileek. Eta horiei elkarrekin heltzeko eta irtenbideak bilatzeko nahiak bildu ditu Lanarteak.
Lau lagun agertu dira topaketara, bi batzarrok lotzen dituen haria eta aurrera begirakoak azaltzera. Ahots kolektiboa ozendu nahi dutelako; nork bere bizipenetatik, baina batasunez. Lanarteko kide dira Elustondo kazetari, idazle eta itzultzailea (Azpeitia, Gipuzkoa, 1958), Arkaitz Miner musikaria (Errenteria, Gipuzkoa, 1976) eta Maite Gurrutxaga irudigilea (Amezketa, Gipuzkoa, 1983); eta elkartearen koordinatzaile lanetan ari da Amagoia Gurrutxaga kazetaria (Azpeitia, Gipuzkoa, 1971). Diziplinarteko dinamika artikulatu nahi dute elkartearen bitartez.