Urteen zama nozitzen duen arren, begirada zorrotza ez zaio kamustu Patxi Francesi (Donostia, 1958). Itsaso zabalari begirik kentzen ez diola hartu du telefonoa, hori kolorea duen traineru bat ortzi muga zeharkatzen ikusten duen bitartean.
Denboraldia amaituta, arraun mundutik denbora batez aldentzeko gogoa izango zenuen, ezta?
Azken estropadek eragin didaten presioagatik, apur bat saturatuta amaitu dut denboraldia; besteak beste, Kontxako Banderako sailkatze estropadagatik edota igoerako kanporaketagatik. Azken hilabetea estresagarria izaten da; are gehiago, helburuak lortzeko aukera handiak dituzunean, guri [Tolosaldeari] tokatu zaigun moduan. Hortik kanpo, ordea, nahiko ondo eraman dut denboraldi osoa.
Esan zenuen taldeko gehienek jarraitzen bazuten zeuek ere Tolosaldean jarraituko zenuela. Segidarik ez da egon, ala?
Titularra izan den eskifaiatik bi arraunlarik ez zutela jarraituko jakin nuen, ezta patroiak ere. Ez dugu ahaztu behar soilik lau talde lehiatzen diren gorengo mailara igo dela Tolosaldea. Euskotren ligan maila oso altuko hiru talde daude. Onenekin lehiatu ahal izateko, aurreko sasoiko taldea mantendu eta indartu beharra zegoen, eta ez da lortu. Horregatik, taldea uzteko erabakia hartu nuen.