Hiru herri larrutxak baturik

Erabiltzailearen aurpegia Iker Tubia 2021ko ira. 2a, 07:58

Zizurkil eta Usurbil herrien arteko muga zehazten duen dokumentu argitaragabe bat aurkeztu dute. 1389an Orreagak eta Zizurkilek izandako gatazkari dagokion epai bat da.

Zerk batzen ditu Orreaga (Nafarroa), Zizurkil eta Usurbil (Gipuzkoa)? 1389. urteko pergamino edo larrutx batek bai, behinik behin. Atzo, Orreagako kolegiataren areto nagusian hiru puskako pergaminoa osorik ikusteko aukera izan zen, hura idatzi eta 632 urtera. Orreagako ospitaleak eta Zizurkilgo komunitateak sinatutako dokumentua da: Andatza eremuko mugak zehazten ditu. Heren bat Zizurkilgo udaletxean zegoen gorderik; beste bi herenak, berriz, Orreagako artxiboan. Aranzadi zientzia elkartearen ikerketa baten bidez egin dute topo bi puskekin, eta berriro ere elkartu. Eta paper puskekin batera batu dira hiru herri: Orreaga, Usurbil eta Zizurkil.

Lurren jabetzak sortu zuen gatazka Zizurkilen eta Orreagaren artean. 1388an, Andatza mendia dohaintzan eman zion Martin Gonzalbiz Atxegako jaunak (Usurbil) Orreagako Santa Maria monasterioari. Zizurkilgo komunitateak bere lurrak aldarrikatu zituen, eta epaiketara jo zuten. Garai horretan, arbitroek hartzen zuten gatazkak konpontzeko ardura, eta, akordioa sinatuta, bi aldeek onartzen zuten. Horrela izan zen kasu honetan ere: dokumentu horretan zehazten da mugarriak non paratu behar ziren.

Aurkikuntza Aranzadi elkarteko kideek egin dute. Asier Agirresarobek, Yoseba Alonsok eta Javi Castrok topo egin zuten Orreagako pergamino puskarekin, Usurbilgo mugarriak eta Andatzako errotarri harrobiak ikertzen ari zirela. Alonso ohartu zen dokumentu hori ezagun zuela, Zizurkilen ikusi zuela falta zuen puska. Rosa Aierbe Erdi Aroan aditua den ikertzaileak testua transkribatu zuen, eta, teknologiari esker, pergamino osoa digitalizatuta elkartu zuten.

Mugen batasuna

«Dokumentu zahar historiko batek batu gaitu», esan zuen Iker Urruzola Zizurkilgo alkateak. Usurbil herriarentzat ere egun «berezia» izan zen atzokoa, Agurtzane Solabarrieta hango alkateak esan zuenez: «Historiak eta ikerketak ahalbidetu du bi zatiak batzea, eta dokumentua batzearekin batera hiru herri batu gaitu». Zizurkildarren historia hobe ezagutzeko baliagarria izan da dokumentua Urruzolaren arabera: «1389ra jo beharko genuke Zizurkilgo gaur egungo mugak nolakoak ziren jakiteko. Liskar juridiko horren sententzian finkatu ziren gaur egun ezagutzen ditugun mugak. Liskar izan zena, elkartasun adierazgarria da gaur». Dokumentuan dio muga bere tokira eramanen dutela, eta, hain zuzen ere, hori da gaur egunera arte mantendu dena.

Jarraitu irakurtzen

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!